COVID-19 BIRUSA

Lasarte-Orian positibo bat erregistratu dute larunbatean, uztailak 25

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 27a, 13:57

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak uztailaren 26ko datu eguneratuak jaso ditu txosten batean. Horien arabera, EAEko hiru lurraldeetan 86 kasu detektatu dituzte PCR proba bidez, horietatik 24 Gipuzkoan. Horrez gain, herriz herriko asteburuko datuen berri ere eman du. Lasarte-Orian kasu positibo berri bat erregistratu dute larunbatean, uztailak 25. Beterri-Buruntza eskualdean beste zazpi kasuren berri eman dute azken bi egunetan: bost Hernanin eta bi Andoainen.

Uztailaren 26an 2.534 PCR proba egin dituzte EAEn, eta horietatik 86k positibo eman dute. Bizkaian detektatu dituzte kasu gehien, 54; beste 24 Gipuzkoan eta zazpi Araban. ZIU unitatean ospitaleratuta daude hiru paziente, eta beste lau plantan ingresatu dituzte azken 24 orduetan. R0 tasa 1,05ekoa da orain EAEn. Horrek esan nahi du COVID-19a daukan pertsona batek beste 1,05 gehiago kutsa ditzakeela batez beste.

Lasarte-Orian beste kasu bat

Osasun Sailak asteburuetan ez du herriz herriko datuen txostenik argitaratzen, eta aste hasieran berri ematen du horiei buruz. Lasarte-Orian kasu berri bat erregistratu zuten uztailaren 25ean, larunbata. Ez da izan eskualdeko bakarra, Hernanin bost kasu –bi larunbatean eta hiru igandean– eta Andoainen bi –larunbatean biak– detektatu baitituzte. Beterri-Buruntzako gainontzeko herrietan ez da egon kasu berririk, datu ofizialen arabera.

Beste behin, Osasun Sailak babes neurriak hartzearen beharra nabarmendu du, hala nola maskara erabiltzea nahiz eskuak garbitzea. Gainera, herritarrei gogorarazi die transmisio-arriskuko egoerak saihestu behar dituela, besteak beste, bilerak, ospakizunak, taldeak eta, oro har, 1,5 metroko gutxieneko segurtasun-distantzia mantentzea ezinezkoa den edozein egoera; eta kutsatuta egonez gero, isolamendu neurriak bete behar dituztela.