Udako Txokoetara bueltatu dira Lasarte-Oriako haurrak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 27a, 16:41

Eusko Jaurlaritzaren gomendioak jarraituz, Udako Txokoak astebetez etetea erabaki zuen Ttakun Kultur Elkarteak, baina aste honetarako, txokoetako azken asteari eusteko erabakia hartuta elkartu dira berriz ere gazte eta begiraleak

Ttakun KEren Udako Txokoei astelehen honetan berrekingo zietela iragarri zuen kultur elkarteak pasa den aste amaieran. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak udalekuak bertan behera uzteko gomendioei jarraiki, zazpi egunez zerbitzua ez ematea erabaki zuen elkarteko zuzendaritzak, "pena handiz", baina "prebentzioz eta arduraz" jokatuz. Astelehen honetan elkartu dira berriz ere txokotako haur eta begiraleak, eta ekintza ezberdinak eginaz igaro dute goiza. Beste zenbait ekintzen artean, kamisetak apaintzen, gozogintzan eta zunba saioetan aritu dira gaur. Irteerak ere egin dituzte Zabaletara eta Zubietara, esaterako. Datozen egunetarako ere ekintza ugari prestatu dituzte.