Andatza plazako kioskoa barku pirata bilakatu du Erre Produkzioak-ek

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 24a, 21:36

Hitzik gabeko antzezlanarekin primeran pasatu dute haurrek eta haiekin joandako helduek.

Arratsalde beroen freskagarri izan daitezke hondartza, itsasoa eta itsas bidaiak. Elementu horiekin blaitu eta alaitu dituzte ikusleak Erre Produkzioak taldeko Alfonso Díez eta Gorka Minguez aktoreek. Kioskoa arrantzarako portu, hareatza eta, nagusiki, itsasontzi bilakatu dute hitzik gabeko Piraten istorio bat kontatzeko.

Jeff eta Charlie arrantza egitera joan dira portura. Jeff-ek kanabera botatzen duen aldiro zerbait harrapatu du; Charliek, berriz, batere ez. Itsasbeheran, ordea, kutxa bat topatu du, eta irekitzean, mapa eta eguneroko bat. Charlie hura irakurtzen hasi da eta altxor baten berri izan du (grabatutako ahots baten bidez izan dute horren berri plazan elkartutakoek). Hala, pirata bilakatuta, abenturan murgilduko dira bi pertsonaiak. Helburu bera izanda ere, altxorra topatu beharrean, ahalegina elkarri zirika egitean jarri dute, barreak eraginez.

Erlazionatuak

'Piraten istorio bat' haur antzezlana

Txintxarri Aldizkaria 2020 uzt 24 Kultura