Ikasturte berriak ekarriko duena jakin ezinik, udako saioekin lanean ari dira LOKEko gimnastak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uztailaren 25a

30 gimnasta ari dira LOKEk antolatutako udako ikastaroan. COVID-19ak eragindako egoerak ezjakintasun handia eragin dio taldeari, eta ziurgabetasunez aurreikusten dute ikasturte berria. Michelingo frontoi estalian ari dira udako saioak egiten

Ezohiko udako ikastaroan murgilduta daude LOKEko gimnastak; 2019-2020 kurtsoa uste baino lehenago utzi behar izan zuten bertan behera koronabirusak eragindako pandemia medio, baina lortu dute udako saioei eustea. Hori bai, ez urteroko formatu berean; gimnasta kopuru mugatuarekin ari dira lanean, Michelingo frontoi estalian, eta segurtasun neurri guztiak jarraituz.

Itxialdia pasata, hogei pertsonako taldea osatzeko baimena eman zietela azaldu du Maite Rueda LOKE gimnastikako arduradunak, eta handik pixka batera, 30era zabaltzeko aukera, beti ere segurtasun distantziak mantenduz, materiala desinfektatuz, eta abar. "Bakoitzak bere materiala ekarri behar du saioetara".
Udako kurtsoa egiteko aukera izatearekin konforme agertu da Rueda: "Momentuz nahikoa izan da aukera hau edukitzea; ikasturte berriari nola ekingo diogun ezin dugu jakin oraindik". Irailero hasi ohi du LOKE gimnastikak ikasturte berria, normalean 70 bat kiderekin.

Aurtengo udako ikastaroa, berriz, parte-hartzaile kopuru jakin batentzat eskaini behar izan du taldeak. Horregatik, erabaki dute ikasturtean zehar lehiaketetan parte hartuko duten kideei zuzentzea uztaileko saioa. Astean bi egunez elkartzen dira Michelingo frontoian, eta saio bakoitzean bi orduz entrenatzen dira.

Adin eta kategoria ezberdinetako parte-hartzaileak daudenez, bakoitzaren eharretara egindako "entrenamendu espezifikoak" egiten ari dira egunotan: "Gimnasta guztientzako beroketa saio orokor batekin hasten ditugu entrenamenduak, eta horren ostean adin eta kategoria bakoitzak bere ariketa espezifikoak egiten ditu". Horrela topatu ditu Txintxarri-k, asteazken goizean Michelingo frontoira egindako bisitan; ikasle danak, segurtasun distantziak mantenduta, Maite Rueda eta Aizpea Arroyo entrenatzaileek gidatutatako saioan.

Uztailaren 6an hasi zuten udako ikastaroa, astelehenarekin, eta datorren asteazkenean egingo dute azken saioa, uztailak 29.

Entrenatzaile ikastaroak, online
Udako ikastaroan parte hartzen ari diren kideez gain, dozena erdi bat gimnasta ere aurkitu ditu txintxarri-k Michelingo frontoi estaliaren beste ertzean. Horiek gimnastikako entrenatzaile izateko bigarren mailako kurtsoa prestatzen ari direla azaldu du Ruedak. "Getxon egon beharko lukete, hamabost egunez eta egunean 10 orduz entrenatzaile izateko saioetan, baina koronabirusaren ondorioz, online egiko aukera besterik ez zaie egokitu aurten".