UDAKO TXOKOAK

Ttakun KEk uztailaren 27an berrekingo die Udako Txokoei

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 24a, 10:22

Ttakun KEren Udako Txokoei astelehenean berrekingo diete elkarteak berak, begiraleek eta haurrek. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak pasa den asteko larunbatean jakinarazitako gomendioei jarraiki, zazpi egunez zerbitzu hori ez ematea erabaki zuen zuzendaritzak, "pena handiz", baina "prebentzioz eta arduraz" jokatuz. "Bertan behera uztea da zentzuzkoena", adierazi zuen uztailaren 18an. Orduan esan zuen beste gauza bat izan zen uztailaren 23an eseriko zirela berriro, egoera zein zen tentuz aztertu eta erabaki bat hartzeko: azken asteko ekintzei berrekin, edo aurtengo programa amaitu.

Bada, hori egin du, eta ongi aztertu ostean, erabaki du uztailaren 27tik 30era Udako Txokoak itzuli egingo direla, eta aurreikusitako ekintza eta jarduerak egingo direla astelehenetik ostegunera, lehen egunetik egin bezala, osasun eta segurtasun neurri guztiak betez. Hortaz, haurrak eta begiraleak Okendo plazan elkartuko dira uztailaren 27an, astelehenez.

Zuzendaritzak bi arrazoigatik erabaki du Udako Txokoak berriro martxan jartzea. "Azken egunetan jaitsi egin dira COVID-19agatiko kutsatze kasuak Gipuzkoan, eta Buruntzaldean ez da egon agerraldirik". Horrez gain, txokoak egiten ari diren hainbat elkarterekin kontsultatu dute egoera, eta aukera ikusi dute egitasmoari berriz ekiteko. Donostiako Udalak, adibidez, asteon jarri ditu martxan berriro Oporretan Euskaraz udalekuak, Osasun Sailak adierazitakotik bi egunera.

Neurri guztiak hartuz 

Ttakun KEren Udako Txokoak uztailaren 1ean hasi ziren, aurrez hartu eta landutako osasun eta segurtasun neurri guztiak zainduz eta protokolo zehatz bat jarraituz. Horrela jardun dute egunero-egunero, pasa den asteko larunbatean behin-behineko erabaki hori hartu behar izan eta txokoak eten zituzten arte, astebetez. Datorren asteko astelehenean ekingo diete jarduerei berriro.

Bien bitartean, Ttakun KEk Udako Txokoen poltsatxoak jarri ditu salgai Jalgi Kafe Antzokian, 3 euroan. Material hori eskuratu nahi dutenek bertatik pasa beharko dute erostera.