Igandean, Lizarran, itzuli ziren errepidera Buruntzazpi txirrindularitza eskolako kideak. 90 kilometrotako ibilbidea egin zuten gazteek eta lehen hamarren artean iritsi ziren eskolako kideak. Asier Pozo 6. izan zen, Haimar Etxeberria 7. eta Beñat Carbayedak, berriz, 8. postua eskuratu zuen.
Taldeko kideek azaldutakoaren arabera, txirrindulariek musukoak eraman behar izan zituzten irteera momentura arte eta helmugara iristean, berriro ere, jantzi.
Gipuzkoako erlojupekoa, bertan beherea
Buruntzazpiko kideak denboraldiarekin aurrera egiteko desirarekin daude, baina esate baterako, uztailaren 27a, astelehenarekin, Aizarnazabalen egin behar zen erlojupeko Gipuzkoako txapelketa bertan behera geratu da.
"Ulergarria da Gipuzkoan dauden agerraldiak direla eta, erlojupekoa bertan behera uztea, baina pena handia da. Izan ere, neurriak kontu handiz jarraitu baitaitezke bakarkako erlojupekoan. Txirrindularia bakarrik doa eta kutsatzeko aukera bakarra du, beste baten aurreratzea. Lehiatzen ez denean musukoarekin egongo dira," azaldu dute elkarteko arduradunek.
Agerraldiek jarraituz gero, Gipuzkoan lehiaketarik egingo ez denaren susmoa dute. "Hala ere, esperantza dugu eta txertoa edo sendagaia lortu arte normalitate berria izatera iritsiko garela uste dugu," nabarmendu dute.
Era honetara, ondo bidean, abuztuaren 14an, Berriatuan egingo den Euskadiko txapelketarako prestatzen ari dira Buruntzazpiko txirrindulariak.