COVID-19aren agerraldia dela eta, Donostia Arraun Lagunakek hiru jardunaldi galduko ditu

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uztailaren 23a

Donostia Arraun Lagunak, Getxoko proban lehian. Arg.: A. Arrizabalaga.

Arraun denboraldia aurrera doa, nahiz eta COVID-19aren lehen agerraldia bizi zuten lehengo asteburuan. Donostia Arraun Lagunak eskifaiako arraunlari batek positibo eman eta trainerua ezin izan zen igandean lehiatu. Osakidetzaren proben zain, Aiora Belartieta herritarra eta bere kideak asteburu honetan ere ezingo dira lehiatu

Senide batek positibo eman ostean, Donostia Arraun Lagunak elkarteko arraunlaria ostegunean konfinatu zen; ostiralean egin zioten proba eta larunbata gauean jakin zuen emaitza. 

Emaitzaren zain, larunbatean Aiora Belartieta eta bere kideak Getxoko uretan arraun egin eta hirugarren postua eskuratu zuten. 

Donostiarra Lacturale traineruaren 3 segundoko zigorrarekin hasi zen jardunaldia, Donostiako eskifaiak irteera baliogabea egin zuela erabaki baitzuten epaileek.

Bigarren irteeran, Oriok hartu zuen aurrea. Donostiarra Lacturale atzetik zuen. Lehen postuaren bila zihoan Donostiako taldea baina oriotarrek ederki mantendu zuten lehen paladetan lortutako tartea.

Atzean Donostia Arraun Lagunak eta Hondarribia Bertoko igogailuak izan ziren lehian, berriro ere. Belartieta eta bere kideak Hondarribiako taldea atzean utzi zuten irteeran eta Donostiarra Lacturaleren zigorra kontuan izanik, bigarren postuaren bila joan ziren. Tamalez, helmugan 11:01:48 egin zuen, Donostiarrak metatutako denboratik 2 segundora.

Ezin lehiatu

Larunbata gauean eman zitzaion TKEri positiboaren berri eta TKEren protokoloa martxan jarri zen.

Arraunlariak konfinatu zituzten eta Lugañeneko eskifaia ezin izan zen Orioko sarian egon. 

Ligari dagokionez, aurreko jardunaldietan lortutako puntuen bataz bestekoa gehitu zitzaion.

Asteartean, Donostia Arraun Lagunak elkarteak PCR probak egin zizkien arraunlariei eta emaitza negatiboak izan dituzte. Pozarren daude emaitzekin eta eskerrak eman dizkiete taldea babestu duten guztiei.

Baina Osakidetzak ez ditu emaitza horiek baliozkotzat hartuko eta larunbatean, bihar, probak egin beharko dituzte. Emaitzak igande goizera arte jasoko ez dituztenez, Donostia Arraun Lagunakeko kideek eta Belartieta herritarrak ezingo dituzte asteburu honetako bi jardunaldiak jokatu.

Osasun neurriak

Igandean, Getarian izan zen KAEko jardunaldian ere eragina izan zuen COVID-ak, KAE1 mailako Zumaiako ohiko patroiak ezin izan baitzuen parte hartu.

Gaizka Ormazabal herritarra KAE2 mailako Hibaika Susperregi traineruan ari da eta taldeek jarraitu beharreko neurri batzuk azaldu dizkigu. "Talde bakoitzak bere esparrua du, eta bertatik ezin gara mugitu uretara joan arte. Beraz arraunlari bakoitzak jokaera arduratsu bat badu ez dago horrenbesteko arriskurik." 

Eta protokoloa ere argitu digu. "Printzipioz positibo bat egonez gero talde osoa apartatzen da. 48 ordu igaro eta gero COVID-aren proba pasa behar dute taldekide guztiek, positibo gehiagorik ez badago lehiaketara itzuli daitezke".

Hibaika Susperregi trainerua, Getarian jokatu zen Ékolo banderako ziabogara iristen. Arg.: Hibaika

Arraunean lehendabizikoz

Ormazabalek lehen urtea du Errenteriako eskifaian, baita arraunean ere. Urrian hasi zen lanean, Imanol Cascante entrenatzailearen esanetara. 

"Lesio bat dela eta ergometroan hasi nintzen orduak sartzen eta arrauna betidanik gustatu zaidanez, Hibaikan hastea erabaki nuen," aipatu du herritarrak. 

Entrenatzen hasi eta hilabetetara, ordea, larrialdi egoera ezarri zen eta etxean entrenatu behar izan zuen. "Hibaikak arraunlari bakoitzari ergometro bat utzi zion eta entrenatzaileak bidalitako entrenamenduak bakoitza bere etxean egiten joan ginen. Entrenamenduak eramangarriago egiteko gainera bideo deiak egiten genituen," azaldu du Ormazabalek.

Talde berria osatu du Cascantek denboraldi honetarako eta hiru hilabetez, etxean jardun beharrak taldearen garapenean eta lehen emaitzetan eragina izan ahal izan duela uste du herritarrak. "Nahiko talde berria garenez etxean egon behar izan garen hilabeteak seguruenik beste taldeei baino kalte gehiago egin digu blokea osatzeko garaian". 

Uztailaren 11n eman zioten hasiera denboraldiari Pasai Donibanen eta 9. postua eskuratu zuten; asteburu honetan, berriz, Getarian 10. izan ziren. "Bi estropada egin ditugu eta lortutako emaitzak ez dira esperotakoak izan. Ondo entrenatzen gabiltza baina oraingoz emaitzak ez dira irten," nabarmendu du.

Hala ere, Hibaika Susperregi taldearen helburua KAE2ko sailkapenean goiko postuetan egotea dela aipatu digu.

Eta asteburu honetan, hori erakusteko aukera bikoitza izango du Errenteriako eskifaiak Getaria eta Pasai Donibaneko uretan jokatuko diren Mutrikuko Yurrita Group eta 700. Errenteriako Udala banderetan.