COVID-19 BIRUSA

EAEn 111 kasu positibo berri atzeman dituzte, horietatik 37 Gipuzkoan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 22a, 18:00

Uztailaren 21ko datu eguneratuak eman ditu Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Horien arabera, 111 kasu positibo berri atzeman dituzte EAEn azken 24 orduetan, PCR proba bidez. Horietatik heren bat, 37, Gipuzkoan. Lasarte-Orian ez da inor gehiago kutsatu azken egunetan, iturri ofizialen arabera.

Osasun Sailak 4.911 PCR proba egin zituen atzo, eta 111 testek eman dute positibo EAEn: 67 Bizkaian, 37 Gipuzkoan eta zazpi Araban. Bi paziente daude ZIU unitateetan ingresatuta, eta ospitaleko plantan sartu zituzten atzo beste hiru pertsona. 10-19 eta 50-59 urte arteko pertsonen artean topatu dituzte positibo gehien: 25 eta 24, hurrenez hurren.

Beterri-Buruntza eskualdeko herrietan positibo berri bat egiaztatu dute uztailaren 21ean. Zehazki, Andoainen. Lasarte-Orian egunak dira koronabirusak inor gehiago kutsatu ez duela, iturri ofizialen arabera behintzat. Uztailaren 11n eta 12an atzeman zituzten azken kasu berriak gurean.