KIROL EKIPAMENDUAK

Kalistenia egiteko gune bat instalatu du udalak Urdaburu plazan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uztailaren 22a

Kirol ekipamendu eta azpiegituretan inbertitu du Lasarte-Oriako Udalak berriki: kalistenia egiteko parke bat instalatu du Urdaburu plazan eta Oriako Antxisu auzoko kirol pistan hobekuntzak egin ditu.

Muskuluak landu eta indarra hartzeko gune bat ezarri du udalak Sasoeta auzoko Urdaburu plazan: kalistenia izeneko diziplina praktikatzeko parke bat. Jakinarazi du lanek 20.047,58 euroko kostua izan dutela. "Herritarrek kalean kirola egin ahal izateko beste gune bat da". Udalak nabarmendu duenez, lasarte-oriatarrek eginiko eskaera bati erantzun diote parke horrekin. "COVID-19aren pandemiagatik Alarma Egoera dekretatu aurreko egunetan amaitu ziren obrak, baina ezin izan dugu ireki harik eta osasun agintariek horretarako aukera eman diguten arte".

Kalistenia parkea eraikitzeko, pare bat kontratazio egin ditu udalak:

  1. Parkeko elementuak Jolas enpresari adjudikatu dizkio, 9.339 euroan.
  2. Guneko segurtasun zoladura Juegos Infantiles Monpark SL enpresak egokitu du, 10.709 euroan.

Beste inbertsio batzuk

Oriako Antxisu auzoko kirol pistan zenbait hobekuntza egin ditu udalak. Baloiak esparru horretatik irtetea eragozteko, sare perimetral bat jarri du; 4.178 euroko kostua izan dute lanek. Horrez gain, udal zerbitzuek argiz hornitu dute kirol azpiegitura hori. Sakagailu baten bidez aktibatzen da argiztapena.

Kiroldegiko eremu kardiobaskularreko bederatzi bizikleta estatiko ere aldatu ditu. Tresna horiek Argysan eta Kirol Aukera enpresei erosi dizkie, 15.685 euroren truke.