Behin betiko onartu dute zeremonia zibilen araudia

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 21a, 11:54

Lasarte-Oriako Udalak ezkontza zibilak egin izan ditu orain arte, baina araudia onartu ostean, herritarrek ospa ditzakete harrera eta hiletak ere. Udaleko Erregistro Orokorrean egin beharko dituzte eskaerak, aurrez aurre edo telematikoki. Proposatutako zeremoniaren eguna baino bi hilabete lehenago egin beharko dira tramite horiek gutxienez, hileten kasuan izan ezik. "Ospakizun azkarra edo intimoa" egitea aukeratuz gero, eskaera bi egun lehenago egin beharko da.

Segun eta zer motako zeremonia den, udalak lokal eta ordutegi desberdinak jarri ditu herritarren eskura. Ezkontza zibil bat egin nahi duten lasarte-oriatarrek aukera hauek edukiko dituzte:

  • Bista-aretoa: astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara.
  • Udalbatzar aretoa: astelehenetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara.
  • Mirentxu: astelehenetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara.

Hileta zibilak lokal, egun eta ordu hauetan ospa ditzakete:

  • Mirentxu: astelehenetik larunbatera 10:00etatik 14:00etara, eta astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara.
  • Hilerria: astelehenetik larunbatera 09:00etatik 12:00etara eta astelehenetik ostiralera 17:00etatik 19:30era.

Harrera zibilak egitea ere posible izango da, araudia onartu ostean:

  • Bista-aretoa: astelehenetik ostiralera 10:00etatik 14:00etara.
  • Mirentxu: astelehenetik larunbatera 10:00etatik 14:00etara.