COVID-19 BIRUSA

114 kasu positibo berri astea bukatzeko

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 20a, 17:25

Uztailaren 19ko datu eguneratuak eskaini ditu Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak, txosten batean bilduta. 114 kasu berri erregistratu dituzte asteko azken egunean, igandean, horietatik 63 Gipuzkoan. Bizkaian beste 45 atzeman dituzte, eta sei Araban. 3.560 PCR proba egin dituzte. Lasarte-Orian, bestalde, badira egun batzuk COVID-19ak kutsatutako pertsonarik topatzen ez dutela. Iragan asteburuan bi kasuren berri eman zuten, eta geroztik ez dituzte gehiago topatu, datu ofizialen arabera beti ere.

Datuak emateko modua aldatu egin du Osakidetzak. Orain ez du zehazten zenbat pertsona kutsatu dituen koronabirusak EAEn pandemia hasi zenetik, eta ezta ere zenbat izan diren negatibizatuak horietatik, edo zenbatek jaso duten ospitaleko alta. Beste zenbait aldagai, ordea, kontsulta daitezke. Esate baterako, zenbat paziente ingresatzen dituzten egunero plantan edo ZIU unitateetan. Uztailaren 19an bi eraman zituzten ZIU unitateetara, eta plantara beste bat. Rt tasa 2,21ekoa izan zen atzo. Horrek esan nahi du COVID-19ak kutsatutako pertsona bakoitzak beste 2,21 kutsa ditzakeela batez beste.

Beterri-Buruntza eskualdeko herrietan ez dute kasu positibo berririk erregistratu azken 24 orduetan.