Keinuan, poesian eta mugimenduan oinarritutako bidaia

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 18a, 10:00

XVI. Dantza Zirkuituaren barruan, Kresal Dantza Taldeak Ikonografiak ikuskizuna ekarri du Andatza plazara. Koreografia poetikoek plazan bildutakoen arretari eutsi diote hasieratik amaierara arte.

Mundu tradizionala ikuspegi berriztatu batetik. Koreografiak, errezitatutako olerki edo pasarte batzuekin tartekatuta. Horrela josi du Kresala Dantza Taldeak Ikonografiak ikuskizuna. Jantzi beltzak soinean eta nahitaezko musukoa aurpegian, hamasei dantzariek sentipen ugari piztu dituzte Andatza plazan elkartutako ikusleengan. 

Eserleku gehienak bete ziren atzo arratsaldean, baina plazaren petriletan eta beste gune batzuetan ere jendea bazen. Erdiko laukia izan zuten agertoki eta haien inguruan zeuden ikusleak. Iskinetan, pilatutako aukiak zeuden eta pieza horretan parte hartzen ez zutenak zoruan eserita zeuden, kideek egiten zutenari adi. Hala zeuden ikusle txikietako batzuk pausoak errepikatzen ahalegindu ziren, besteren batek zoruan esertzea nahiago izan zuen.

Guztien arreta bereganatu zuten hiru ordu laurdeneko ikuskizunean binaka edo taldean egindako koreografiekin. Donostiako taldeak keinua, poesia eta mugimenduak uztartutako dantza ikusgarriak egin zituen. Batetik bestera aldaketa, berriz, euskaraz eta gaztelaniaz errezitatutako zenbait esaldik edo pasartek bete zuten, besteak beste, tradizioari buruzkoak. Grabatutako zenbait ahotsetan entzundako hitzak Joannes Leizarraga, Jorge Oteiza, Joxe Anton Artze eta Jose Angel Irigaray-renak ziren.

Erlazionatuak

Kresala Dantza Taldearen 'Ikonografiak'

Txintxarri Aldizkaria 2020 uzt 18 Kultura