AURREKONTUAK

Kreditu aldaketaren nondik norakoak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uztailaren 18a

Alkatea, azalpenak ematen.

Ezohiko udalbatzarra bukatu eta gero, kreditu gehigarrien aldaketari buruzko azalpenak eman ditu Agustin Valdivia alkateak. Korporazioko alderdien jarrera ona goraipatu du, eta Udal Gobernuak "ahal izan duen proposamen onena" egin duela azpimarratu. 

"Kreditu aldaketa honen bidez, posible izango dugu hainbat inbertsio egitea herrian aurten, eta familientzat eta herriko elkarteentzat diru laguntzak ematea", esan du Valdiviak. 2.797.522 euro bideratuko ditu udalak horretara. Alkateak azpimarratu du diru-sarrerak nabarmen murriztu direla, Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa % 20 gutxitu baita, 2,7 milioi euro inguruan baloratua, eta eman gabeko hainbat zerbitzuri aplikatutako hobariak edo ostalaritzari terrazen tasa ez kobratzeagatik udalak "gerrikoa estutu" behar izan duela, udalaren gastu arrunta "nabarmen" murriztuz, urgentzia handienekoei aurre egin ahal izateko. 

Udal gastuaren aurrekontua

Aldaketa horiek eginda, 30.616.194 eurokoa izango da udal gastuaren aurrekontua. Horrela finantzatuko da azken kreditu aldaketa hori:

  • Diruzaintzako soberakinetatik 622.120 euro; oraindik 1.226.932 geratzen dira altxortegian.
  • Eusko Jaurlaritzaren ekarpena handitzetik, 718.956 euro.
  • Murriztu diren gastu arruntetako partidetatik, 1.456.436 euro.

Diru laguntzen atalari dagokionez, alkateak jakinarazi du 2.812.750 euro onetsi direla, %6,95 diru gehiago bideratuta. 182.696 euro gehigarri horietatik erdia baino zertxobait gehiago, %56,2, Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara bideratuko ditu udalak. Valdiviak aurreratu du asmoa dela elkarteekin irailean sinatzea hitzarmenak. "Gehienek diru gehiago jasoko dute".

2020rako inbertsioak

"Ezinbestekotzat" jo dituen zenbait inbertsio egingo ditu udalak aurten. Hauek dira:

  • 193.653 euro Basaundi Bailara birgaitzeko.
  • 170.000 euro etorkizuneko obren azterlanak eta proiektuak idazteko.
  • 90.000 euro udalbatzarretarako eta batzordeetarako itzulpen-sistema bat ezartzeko.
  • 80.125 euro hiri-altzarietarako: barandak, paperontziak, bankuak…
  • 56.100 euro zenbait kirol-instalazio hobetzeko.
  • 45.080 euro Zataraingo landa-eremuan semaforo-sistema bat jartzeko.
  • 42.207 euro Zumaburuko eskolako atezainaren etxebizitza gaitzeko.
  • 25.000 euro ezpondetan belarra mozteko segurtasun-sistema bat jartzeko (bizi-kableak).
  • 21.000 euro kirol-ekipamendurako.