COVID-19aren pandemia hasi zenetik hirugarrenez, kreditu gehigarri bat aldatzea onetsi du udalbatzarrak, 2.797.522 eurokoa. Herrian "funtsezkoak" diren inbertsio batzuk egitea ahalbidetuko du horrek, eta familiei eta herriko elkarteei diru laguntzak ematea, euren jardunarekin jarrai dezaten. PSE-EEren zazpi aldeko bozka eta EH Bildu, EAJ eta ELOP Elkarrekin Lasarte-Oria Puede alderdien zortzi abstentzioekin atera da aurrera proposamena, ostiral goizean udal korporazioak egin duen ezohiko saioan. Txus Alonso (PSE-EE) eta Jon Martin (EH Bildu) zinegotziek ezin izan dute saioan egon.
Alderdien balorazio eta azalpenak
Bozketaren ostean, boto azalpenean parte hartu dute alderdi guztiek. ELOP alderdiaren bozeramaile David Ares: "Ez daukagu arrazoirik proposamenaren aurka bozkatzeko, baina harritu egin gaitu planteamendu honek, duela egun gutxira arte esaten zitzaigulako 2020ko aurrekontuak ixtear eta aurkeztear zeudela. Hori esanda, baloratzen dugu txostenean jasotzen diren inbertsioak koadratu eta finantzatzeko Udal Gobernuak eta teknikariek egin duten lana".
EH Bilduren iritziz, "aukerarik egokiena" da aurtengo aurrekontuak luzatzea eta 2021ekoak garaiz prestatzen hastea. Kreditu gehigarrien aldaketa hau, ordea, ez da anbiziosoa koalizio subiranistarentzat, Uxue Loinaz zinegotziak azaldu legez. "Ez dugu uste herriko elkarteen gabeziei erantzuten zaienik, gabeziak ditu eta bultzada bat behar du". Oposizioko alderdi horrek jakinarazi du Udal Gobernuari proposatu diola konponbide bat ematea herriko elkarteek espazioekin duten arazoekin, eta udalbatzarrera eramandako proposamenean jasotzen ez den arren, datorren aurrekontuetara begira aztertzera konprometitu dela PSE-EE.
EAJren iritziz, 2020ko aurrekonturik ez egotea eta kreditu gehigarrien bidez aritzea "ez da kudeaketa onaren seinale", Estitxu Alkortak ostiraleko saioan azpimarratu duenez. COVID-19aren pandemia martxoan iritsi zela eta orduan oraindik aurrekontu proposamenik ez zegoela gogoratu du. Udalak zorpetzeko gaitasuna duela esan du, baina "kontuz" ibili behar dela, %6,31 aurrezki garbia baitu udalak. Horrek "mugatu" egiten du zorpetzeko gaitasuna. 2019an aurrezki garbia 5,1 milioikoa izan zen, eta, aurtengoa, 1,4 milioi. "Kreditu aldaketekin jarduteak eragozpenak ekarri dizkigu: udaletxearen egoera ekonomikoaren gaineko informazio zehatzik ez dugu izan orain gutxi arte; 5 milioiko defizita edo desoreka bat dagoela aurreko espedienteetako gastuak altxortegiko geldikinarekin finantzatu direlako".
EAJren aburuz, funtsezkoa da datorren urteko aurrekontu eta ordenantza fiskalak "lehenbailehen" lantzen hastea. "Bonifikazioak berrikusi ditzagun berriro, aurrezki garbia handitzeko bideak aztertu ditzagun eta zorpetzeko gaitasuna aztertu dezagun". Planifikazioa beharrezkoa dela azpimarratu du Alkortak: "Horren ezean, zerbitzu berriak martxan jartzearen erabakiek, pertsonala handitzen aldera hartu daitezkeen erabakiek, edo dirulaguntza berriak abian jartzeko erabakiek, desoreka eragin diezagukete".
"Guk planifikatzen dugu"
Gainontzeko alderdien balorazioak entzun ostean, PSE-EE alderdiko zinegotzi Lourdes Acevedok hartu du hitza, Udal Gobernuaren ikuspuntua azaltzeko. "Guk planifikatzen dugu, eta ziur gaude gaur onartu dugun kreditu aldaketan jasotzen diren neurriak lasarte-oriatarren onerako izango direla". Acevedok gogoratu du Udalen Finantzaketarako Foru Funtsetik %20 diru gutxiago jasoko dutela, eta pandemiak udala behartu duela "urgentziazko neurriak" hartzera, unean uneko beharrei erantzuteko. "400.000 euro bideratu ditugu familiak eta pertsonak laguntzera, beste 500.000 merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresentzat, eta 125.000 euro erosketa bonuak ateratzeko".
Acevedoren hitzetan, kreditu gehigarri hau aldatzeak udalari ahalbidetuko dio "ezinbestekoak" diren inbertsioak egitea herrian, eta familiei eta elkarteei diru laguntzak ematea. "Kasu gehienetan diru gehiago jasoko dute elkarteek".
Gai gehiago
Kredituaren gaiari heldu aurretik, beste kontu batzuez aritu dira udal korporazioko kideak. Gai-zerrendako lehen puntuan, onartu dute Autobus Bidaiarien Hiri Garraio Publikoko Zerbitzuaren kontratua luzatzea, abuztua ere sartzeko. Hamabi aldeko bozka eta hiru abstentzio jaso ditu proposamenak, EAJrenak hain justu.
Jeltzaleen bozeramaile Jon Antxordokik azaldu duenez, "beharrezkoa" da zerbitzu hori abuztuan ere eskaintzea, ados daude proposamenarekin, baina "kontrako txostenak" egin direnez horri buruz, ezin dute alde bozkatu. "Abstenitu egiten gara horrelakoetan, edo aurka egiten dugu".
PSE-EEren izenean David Mateosek hitz egin du: "Demostratuta dago beharrezkoa dela abuztuan zerbitzua ematea, 2018 eta 2019ko esperientziak positiboak izan dira, aurreikuspenak gaindituz. Udal Gobernuak behar sozialei erantzuten die, periferia erdigunera gerturatuz eta alderantziz".
A-35 Zabaleta Berri HIEko “a.3.1./6” eta “a.3.1/7” Lursailen Jabetza Osoa Esleitzeko Kontratua aldatzeko proposamena aztertu dute jarraian. Onartu dute hori ere, bederatzi aldeko bozka eta sei abstentziorekin.