Herriko alderdi politikoek U12ko hauteskunde emaitzen balorazioa egin dute

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 17a, 11:59

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak EAJk irabazi ditu, baina Lasarte-Oriako emaitzek orain arteko joera ez beste bat izan dute. Emaitzen inguruan galdetuz, balorazioa egin dute Lasarte-Oriako EH Bilduk, EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Lasarte-Oria Podemosek

Joan den igandeko Eusko Jaurlaritzako hauteskundeetan EAJ izan da garaile. Bozen %39,1 bereganatu du alderdi jeltzaleak eta 31 eserleku lortu. Lasarte-Orian, berriz, EH Bildu izan da alderdi bozkatuena; herri mailan aurrenekoz, lehen indarra izan da. EAEko eta herriko emaitzen inguruko balorazioa egin dute herriko alderdi politikoek.

EH Bildu Lasarte-Oria

"Emaitzak oso positiboak iruditzen zaizkigu, oso pozik gaude. Abstentzioa handia izan da eta parte hartzea asko jaitsi den arren, bai bozketan eta bai portzentajeetan gora egin duen alderdi bakarra izan gara".

"Aurrenekoz  Lasarte-Orian lehen indarra izan gara, historikoa da hori eta poz handiz hartu dugu herrian bozka kopuru gehien dituen alderdia izatea. Argi genuen EH Bildutik proiektu sendo batekin aurkezten ginela hauteskunde hauetara, eta lasarte-oriatarrek positiboki erantzun dute. Gure aurreikuspenak gainditu ditugu".

"Eskerrak eman nahi dizkiegu lasarte-oriatar guztiei igandeko emaitzengatik, eta jakinarazi nahi diegu daukagun arduraz kontziente garela eta lanean jarraituko dugula aurrerantzean ere gugan jarritako konfiantzari erantzunez. Herritarrek datorren egunetan jasoko dute Lasarte-Oria EH Bilduk egindako lanaren berri".

 

EAJ Lasarte-Oria

"Herriari dagokionez, lehenik eta behin azpimarratu nahi genuke hauteskunde eguna normaltasun osoz bizi genuela, gorabeherarik gabe, eta zentzu horretan herritar guztiak zoriondu nahi ditugu jarrera eredugarria izan zutelako".

"Abstentzioa herrian handia izan da (ozta ozta gainditu dugu %50-a) eta hori ez da ona. PSEk eta Podemos nabarmen egin dute behera (PSE hirugarren indarra izatera pasa da) eta EH Bildu-k Podemos galdutakoa hartu du. EAJri, abstentzioa eragin dio, EAEn gertatu den modura baina proportzioan, Lasarte-Orian igo egin gara eta herriko bigarren indarra izan gara berriro orain lau urte bezala. Gure herrietan EAJren aldeko bozka eman duen herritar bakoitzari eskerrak emateko aprobetxatu nahi dugu eta esan nahi diegu konpromisoa hartuko dugula boto bakoitzak Euskadi zutik jartzeko balio dezan".

"Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen inguruko baloraziotik ateratzen dugun irakurketarik inportanteena hauxe da: Eusko Alderdi Jeltzaleak irabazi egin duela. Bizi izandakoaren ondoren, krisi sanitario baten ondorengo hauteskunde batzuetan, lurralde historiko bakoitzean jarleku bat gehiago geureganatzea zaila zegoen eta halere, lortu dugu. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan legebiltzarkide bana eskuratu eta 28tik 31ra igaro gara. Parte hartzearen jaitsiera eraginda ere, emaitza bikainak lortu dira eta horrek esan nahi du herritarrek bere babesa eman diotela azken lau urteetako lanari. Gizarteak beste lau urtez gobernatzeko konfiantza eman dio Urkulluri".

"Emaitzen arabera, beste balorazio bat ere egin daiteke: Legebiltzarrean indar abertzaleek sekula izan dugun gehiengorik handiena lortu dugu, Bestetik, ezin uler daiteke nolatan Euskadin bizi diren 17.000 lagunek Voxen botoa aukeratu duten. Bakarra ere gehiegi da".

 

PSE-EE Lasarte-Oria

"Herriko emaitzak ikusita egiten dugun balorazioa gazi-gozoa da; herritarren parte hartze baxua dela-eta, %1eko igoera izan dugun arren (parte hartze baxuagatik), 260 bozka galdu ditugu, eta emaitzak ez dira onak izan. Herriko alderdi sozialistarentzat alderdi negatiboena %49,97ko abstentzioa izan da, eta nahiz eta badakigun pandemiak zifra horretan eragina izan duela, termino orokorretan oso kezkagarria da. Lasarte-oriatarren kopuru garrantzitsu batentzat hauteskunde autonomikoak oso urrun geratzen dira, eta hori konpondu behar dugu".

"Herri mailako emaitzek ez gaituzte kezkatzen, herritarrek hauteskundeen artean bereizketa egokia egiten dutela badakigulako, eta ez dugu uste herrian lortutako emaitzek eragina izan dezaketenik udaletxearen etorkizunean".

"Egia esanda, parte-hartze handiagoa espero genuen. Igande eguerdian, hauteskunde-mahaietatik iristen zitzaigun informazioaren arabera parte-hartzea ona zen, baina eguerditik aurrera, joera horrek beherantz egin zuenez, bagenekien edozein gauza gerta zitekeela. Ez genuen inolaz ere espero lasarte-oriatarrek, hauteskundeetan beti eman diguten nagusitasuna galtzea, baina abstentzioaren kopuru handia ikusita, esan dezakegu emaitza uste baino hobea izan dela".

"EAEko emaitzek gaur-gaurko EAJ eta PSE-EE alderdien arteko koalizioa sendotzen dutela uste dugu, baina kezkagarria da gizartearen erdiak hauteskunde hauetan parte hartu ez izana. Hori bai, tamalgarriena, VOX alderdi ultraeskuindarrak jasotako babesa eta horren ondorioz, eserleku bat lortzea".

 

Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos

"Lehenik eta behin, lasarte-oriatar guztiak zoriondu nahi ditugu hauteskunde berezi hauek lasaitasun eta erantzukizunez egitea ahalbideratu dutelako: oso harro sentitzen gara. Eskerrak eman nahi dizkiegu, bereziki Elkarrekin Podemos-Ezker Anitzarengan konfiantza jarri dutenei, eta zorionak ematen dizkiegu hauteskunde hauetara aurkeztu diren alderdi politiko guztiei, bereziki gure herrian bozkatuen izan den EH Bilduri".

"Elkarrekin Lasarte-Oria Podemosek herrian lortutako emaitzak ez dira batere onak, ezta guk espero genituenak ere. Duela lau urteko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan lortu genituen botoen erdia eskuratu ditugu, eta hori oso kezkagarria da. Hortaz, autokritika egitea ezinbestekoa izango da, baina uste dugu, alderdi barruko barne antolaketa sendo baten beharra baztertu gabe, bizi dugun egoerak bultzatutako abstentzioak ere eragina izan duela".

"Lortu ditugun emaitzak ez genituen espero, baina aurreikusten genuen parte hartzeak behera egin zezakeela, eta hori kaltegarria izan zitekeela guretzat, eta lortutako emaitzek eta abstentzio altuak hori berretsi dute. Ez dira emaitza onak izan eta autokritika egin behar dugu, baina ezin dugu baztertu, abstentzioak emaitzak desitxuratu dituela eta kalte egin digute, zalantzarik gabe".

"Hauteskundeak egin diren garai hauek %47ko abstentzioa eragin dute; botoa ematera deituta zeuden herritarren erdiak ez du hauteskundeetan parte hartu eta hori oso kaltegarria da gure herriaren osasun demokratikoarentzat. Asko kezkatzen gaitu pasa den igandeko parte hartze baxuak, emaitzei bidezkotasuna kentzen diela uste baitugu. Behin baino gehiagotan esan dugu ez zaigula iruditzen hauteskundeak egiteko une egokia zenik. Pandemia, baina batez ere, EAJren egoskorkeriak udara bete-betean bozkatzera eraman gaitu, osasun larrialdiak baldintzatuta eta pertsona askok sentitu du ezinezkoa zela segurtasuna bermatzea".

"Emaitzak direnak direla, politikari guztion betebeharra da demokraziaren eta parte hartzearen alde egitea. Alderdi guztiek hausnarketa egin behar dugu, uste baitugu politikarekiko gaitzustea sentitzen duela gizarteak, eta herritarrek konfiantza berreskuratzea gu guztion lana da".

 

 

 

"