Kiroldegi berriaren exekuzio-proiektuaren idazketa berriz lizitaziora

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 17a, 11:09

Arkitektoen Elkargoak errekurtso berezia jarri du egitasmoaren baldintza-agirien aurka, eta aldeko epaia eman du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak. Udalak jakinarazi du horrek ez duela geratu lizitazio prozesua, eta "oinarrizko proiektua esku artean" daukala.

"Helburua da Lasarte-Oriak horrenbeste behar duen kiroldegi berriaren proiektua behar baino gehiago ez atzeratzea". Lasarte-Oriako Udalak ohar bidez jakinarazi du egitasmo horren exekuzio-proiektuaren idazketa geldirik dagoela gaur egun eta berriz lizitatu beharko dela, EAEAN Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak aldeko epaia eman duelako Arkitektoen Elkargoak jarritako errekurtso baten inguruan.  "Elkargoak ez du eskatu proiektua kautelaz eteteko, eta lizitazio prozesua ez da geratu, exekuzio-proiektuaren idazketari eragiten dio soilik. Oinarrizko proiektua esku artean daukagu", jakinarazi du.

Uztailaren 9ko ohiko udalbatzar saioan atera zuen gaia EH Bilduk, galdera eta erreguen txandan, Udal Gobernuari kontu horri buruzko zenbait itaun eginez. Agustin Valdivia alkateak erantzun zuen esanez astelehen arratsaldean, uztailaren 13an, bozeramaileen batzar bat deituta zegoela "beharrezko azalpen guztiak" emateko. Asteazkenean jaso du udalaren prentsa oharra erredakzioan Txintxarri aldizkariak, uztailak 15.

Lizitazio prozesua 
Udalak azaldu du bi fasetan bideratu zuela kiroldegi berriaren proiektua kontratatzeko lizitazioaren prozesua. Lehen fasean "aurkeztutako proposamenen alderdi teknikoak baizik" ez ziren baloratu, eta guztien anonimotasuna bermatu zen. "Lehiaketako bost irabazleak izendatu ziren, eta guztiek zuten irabazle gisa saria edo accesita kobratzeko eskubidea. Bost hautagaitza horiek, ordura arte anonimoak zirenak, bigarren fasera igaro ziren". Bestela esanda, proiektua idazteko zerbitzu-kontratua adjudikatzeko fasera. Udalak esan duenez, kontratuaren prezioak adjudikazioko irizpideen %20 osatzen zuen fase horretan.

Arkitektoen Elkargoak errekurtso berezia jarri zuen baldintza-agirien aurka, eta orduko horretan udalaren aldeko epaia eman zuen KEAO Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak, prozedura bi fasetan banatzeak legezkotasuna betetzen zuela iritzita. Epai horrekin konforme ez, eta elkargoak auzi-errekurtsoa jarri zion KEAOren erabaki horri. Orduko horretan, EAEANk elkargoaren aldeko epaia eman zuen, eta prozedura baliogabetu, arrazoi hauek emanez: lehiaketaren kasuan anonimotasuna bermatu behar dela fase guztietan, eta prezioa ez dela kontuan hartu behar baloratua izateko irizpide gisa.

"EAEANren epaiari men egiten badio ere, udalaren iritziz egokiagoa da KEAOren epaia, proiektuen lehiaketaren fasea zena haren bost irabazleak izendatzearekin eta sariak ematearekin amaitzen baitzen", adierazi du udalak. Azaldu du prozeduraren bigarren faseak kiroldegiaren proiektua idazteko zerbitzu-kontratua adjudikatzean zetzala. "Udalaren iritziz, ez da nahikoa fase horiek guztiak 'proiektuen lehiaketa' izeneko agiri bakarrean egotea baldintza guztiak prozeduraren bigarren fasera hedatzeko, hau da, zerbitzu-kontratuaren adjudikaziora".

Udalak azpimarratu du prezioa ez dela "erabakigarria" izan kontratua adjudikatzerakoan: "Epaimahaiak ongien baloratutako proposamena izan da puntuazio orokor handiena lortu duena". Zehaztu du "agerikoa" dela udalak  "fede onez" jokatu duela prozesuan zehar eta pleguak legezkoak direla, EAEANk ez duelako udala kondenatu prozesuaren kostuak pagatzera.

2019ko azaro amaieran iragarri zuen udalak Oriaren Gainean proiektua izan zela irabazlea, Sabai Arkitektoak enpresak aurkeztutakoa. Beirazko Pasabidea izenekoa izan zen beste finalista.

Geldialdi teknikorik ez uda honetan

Lasarte-Oriako Udalarenak diren instalazioak ez dira itxita egongo udan zehar, aurten ez baitute geldialdi teknikorik egingo azpiegituren mantenurako. "Pandemiaren ondorioz instalazioak jendearentzat itxita egon diren bitartean, Udaleko Kirol Zerbitzuko langileek geldialdi teknikoetan egiten diren lanak aurreratu dituzte: igerilekuko instalazioak hustu, garbitu eta desinfektatzea, baita legionella prebenitzeko protokoloari dagozkionak ere", azaldu du udalak.

Hori kontuan hartuta, uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitarteko ordutegien berri eman du udalak. Kiroldegia 07:00etatik 13:00era eta 16:00etatik 22:00etara irekiko dute, eta 09:00etatik 14:00etara larunbat eta igandeetan. Igerilekuaren ordutegia, berriz, hau izango da: 07:00etatik 12:30era eta 16:00etatik 21:30era astegunetan, eta 09:00etatik 14:00etara asteburuan.

Michelin kirol-gunea 10:00etatik 12:30era eta 17:00etatik 22:00etara zabalduko dute astelehenetik ostiralera, eta 09:00etatik 13:00era larunbat goizetan, eta arratsaldeetan itxi. Igandeetan itxi egingo dituzte instalazio horiek.

Maialen Chourraut kiroldegiko instalazioak erabiltzeko beharrezkoa da aurrez hitzordua hartzea, 943 376 182 telefonora hots eginda. Erabiltzaileek etxetik eraman beharko dituzte maskara, toaila eta kirola egiteko arropa. Makina bakoitza erabili ondotik desinfektatu egin beharko dute. Ekainaren 8tik daude zabalik udal kiroldegiko zenbait gune.