Udan, atletismoaz gozatzen

Nerea Eizagirre 2020ko uzt. 18a, 09:00

Ezohikoa den uda honetan, 8 eta 14 urte arteko gaztetxoei atletismo ezagutu eta kirol horretaz gozatzeko aukera eman die Ostadar SKTko Atletismo sailak Atletismo txokoen bidez

Ostadar Kirol elkarteak atletismo txokoak antolatzen dituen lehen urtea da eta ataleko arduradunak pozarren daude izandako harrerarekin.

"28 gaztetxok eman dute izena eta pozik gaude. Ez genituen hainbeste espero," onartu du Amaia Andres Ostadar SKTko prestatzaileak.

2019-2020 ikasturteko Eskola kirola ekimena bertan behera geratu ostean, Gipuzkoako Foru Aldundiak atletismo klubei udan saioak emateko baimena eskaini zien eta hortik sortu zen Lasarte-Orian Atletismo txokoak egiteko ideia.

"Gipuzkoako Foru Aldundiak saioak egiteko baimena eman zigun. Beste talde batzuk, hala nola, Real Sociedad edo BAT prest zeuden horrelako ekimena aurrera eramateko eta guk ere proba egin beharko genuela pentsatu genuen," azaldu du atleta ohiak.

Orokorrean, urtean zehar, taldean atletismoa egin duten haurrek eta gazteek izena eman dute txokoetan, baina bada atletismoan inoiz aritu ez den haurrik ere. "Atletismoa ezagutzeko aukera bat da eskaini duguna. Urtean zehar, gurekin lanean egon diren haur eta gaztetxo ugari dago saioetan, baita beste kirol batzuetatik datozenak ere," nabarmendu du Andresek.

Saio egokituak

Astelehen, asteazken eta ostegunean bi taldeetan banatuta, ordu beteko saioak egiten dituzte  gaztetxoek atletismo pistan. Gehienak hilabetez egongo dira lanean eta gutxi batzuk hilabete erdia egingo dute Ostadar SKTko atletismo arduradunak azaldutakoaren arabera.  "Bi talde ditugu bata 8 eta 10 urte bitartekoena eta bestea, 12 eta 14 urte bitartekoena. Bigarren hamabostaldian berriren bat izango dugu, bigarren taldean, baina zortea izan dugu eta taldeak nahiko orekatuak daude."

Adinari egokitutako ariketak egiten dituzte. Txikiekin beroketak, psikomotrizitate lanak eta jokoak; zaharrenekin, berriz, beroketak eta ariketa teknikoagoak. 

"Ez du askorako ematen baina urtean zehar, entrenamenduen erritmoarengatik landu ezin ditugun arlo batzuk lantzen ditugu," azaldu du Andresek.

Gainera, alde teorikoa ere lantzen dute. "Gai teknikoak edo munduko errekorrak zeintzuk diren azaltzen dizkiet. Esate baterako, pertikako munduko errekorra sei metro baino gehiagokoa dela aipatu diet txikiei eta aho zabalik begiratu didate, norbaitek hori saltatzen duela jakitean".

Izan ere, gaztetxoei atletismoaren harra sartzea ere bada helburuetako bat."Ikasturtea hastean taldean izena ematen badute, primerakoa izango litzateke, baina zaila da aukera asko dituzte," onartu du prestatzaileak.

Kanpoko denboraldia

Goizetan, gazteek atletismoaz gozatzen dute modu ludikoan; arratsaldeetan, berriz, egoera aldatzen da. Maila federatuetako atletak lan eta lan baitaude irail hasieran emango dion kanpoko denboraldia prestatzen. 

"Espainiako txapelketa izango da lehen lehiaketa. Irailaren lehen asteburuan izango da eta Naroa Furundarena lehiatuko da jauzi hirukoitzean," azaldu du atletismo saileko arduradunak.

Azken hiru hilabete hauetan egoeraren arabera, entrenamenduak moldatu dituzte. Lehenik etxean eta udalak baimena eman ostean, Michelin kirol guneko pistan. Ostadar SKTko atletek ez dute etenik izan.

"Zortea izan dugu. Atletismoa bakarkako kirola da eta beste kirolek baino erraztasun gehiago izan ditugu entrenamenduekin hasteko," onartu du Andresek.