Ehuneko berrogeita hamar

Maider Galardi 2020ko uzt. 17a, 08:59

Astebete da kasik Eusko Legebiltzarreko bozak egin direla. Emaitzak jakinak dira: EAJk irabazi du —botoetan galdu arren—, eta eserlekuetan gora egin du, gainera. PSErekin batzen bada, gehiengo absolutua izango dute, 1994tik aurrenekoz. EH Bildurena izan da gorakada nabarmenena —baita Lasarte-Orian ere—, eta 23.000 boto irabazita, 22 ordezkari izango ditu legebiltzarrean. Elkarrekin Podemosek eta PPk behera, eta Voxek sartu du muturra. Baina, albistea parte hartzea izan da. 7 puntutan egin du gora abstentzioak, eta Eusko Legebiltzarra denetik, inoizko parte hartze txikiena izan da. Lasarten, %50ekoa. Alegia, gutxienez herritarren erdiak ez duela bozkatu. Eta gutxienez diot, herrian bizi baina botoa emateko eskubiderik ez duten kideak baditugulako. 

Egin nahi nuke analisi bat, zergatik jendea ez den hurbiltzen hautestontzietara, zergatik jendeak duen halako desatxikimendua. Baina bi egunetik behin jokaldiaren komentarista aritu ostean, nahiago beste norabide batean jarri arreta. Pandemiaren arrastoa oraindik gainetik kendu ezin dugula eduki ditugu bozak, eta uda betean gaude. Hartu dute bozgorailua politikariek, baina politika ez dira instituzioak bakarrik. Pertsonala politikoa dela dio feminismoak, txikitik eragiten dela, eta alderantziz, txikian ere eragiten digutela erabakiek.

Horregatik, alderantzizko ariketa egin nahiko nuke zutabean. Kanpainan aipatu ez direnak zerrendatu, eta, ohartu, ez naizela kabitzen 2.500 karakteretan. Hitz egin nahi dut erraustegiaren martxaz, eraikitzeko prest duten Leroy Merlinaz. Hitz egin nahi dut herritarren parte hartze handiagoa behar duen HAPOaz, herriko puntu beltzez. Langabezian gelditu direlako oporretara joan ezin daitezkeen familiez, oraindik koronabirusaren ondorioak arintzeko dirulaguntzak jaso ez dituzten horiez. Uda Saharan pasatu beharko duten haurrez eta gure adinekoak zaintzen aritu diren langileen baldintza kaxkarrez. Jakin nahi nuke ea zer moduz pasatu duen gure bizilagun marokoarrak Ramadama pandemiak iraun bitartean, ala zuen amona zaintzen duen peruarrak lortu al duen itzultzea etxera. Urtarrilaren 30ean greba egitera irten ginenok jasotako isunaz aritu nahi dut. Hitz egin nahi dut gazteok etxebizitza bilatzeko ditugun arazoez, Lasarteko alokairu estratosferikoetaz. Eta Sorgin Jaiek emandako lezioaz; osasuna eta komunitatea zaindu bai, baina agindu diziplinatzaileak desobedituz. 

Segitu nahi dut hizketan, horri buruz, eta gauza gehiagoz. Ertzean gelditu denaz, eta nire begien bistara ere ailegatzen ez denaz. Baina iritsi naiz karaktere kopurura, eta ohartu naiz hauteskundeei buruz hitz egin nahi ez banuen ere, beharbada hemen azaldu zaidala botoa ematera joan ez zen %50 hori: paperik ez duena, dirulaguntzen zain politikariekin haserre dagoena, deskontentua duen gaztea, zaharren egoitzan dagoen adinekoarena, HAPOan, Leroy Merlinean eta erraustegian Eusko Jaurlaritzak zeresana duela ez dakienarena, osasun arazoak dituena...

Gurean baditugu politikariak inurri lanean, eta saria jaso dute igandean. Orain urrunago begiratzea tokatzen da: ertzerago eta ertzerago. Haien ahotsak erdigunea har dezan.