Biyak Bat egoitzak ateak zabaldu ditu berriro

Iñigo Gonzalez Sarobe 2020ko uzt. 16a, 11:46
Hainbat urte eta gero, larrialdi irteera dauka orain Biyak Bat egoitza. Bertan atera dute argazkia zuzendaritzako zenbait kidek ostegun goizean.

Lau hilabete luze eta gero, Biyak Bat adinekoen egoitzak ateak zabaldu ditu berriro, COVID-19aren hedapena saihesteko neurriak hartuta eta kokapen zein antolamenduan aldaketak eginda. Taberna, ile-apaindegia eta kiromasajea dira herritarrek erabil ditzaketen zerbitzuak. Bulegoko langileak astearte eta ostegunetan egongo dira beharrean, 10:00etatik 12:30era. "Gogo asko genituen urrats hau egiteko, ea ez garen atzera bueltatzen datozen aste eta hilabeteetan", azpimarratu dute zuzendaritzako kideek.

Biyak Bat egoitzara neurriak bete gabe sartu nahi duenak ezin du esan aurretik ez zekienik, ate, pareta, leiho eta abarretan makina bat ohar jarri baitituzte zuzendaritzako kideek. Alarma Egoera dekretatu eta lau hilabete pasatxora erabaki dute egunerokoa pixkanaka berreskuratzen hastea, eta egiten hasi diren urratsak oso ongi pentsatu dituzte. "Irrikaz geunden berriro egoitzara etortzeko; ea ez ditugun atzerapausoak egiten hurrengo aste eta hilabeteetan, badirudi koronabirusa berriro indarra hartzen ari dela", nabarmendu dute zuzendaritzako kideek. Egoitzan ezingo dute 60 pertsonak baino gehiagok egon batera.

Horietako zenbaitek erakutsi dizkiote TXINTXARRI-ri berriro irekitzeko egin dituzten aldaketak. Esate baterako, gel hidroalkoholikoa banatzen duten gailuak jarri dituzte egoitza osoan zehar. Beheko solairuko areto gehienak itxita mantendu dituzte: ile-apaindegia eta kiromasajeko gela zabaldu dituzte soilik, ordutegi jakin batekin. Ordua aurrez hartu behar dute lasarte-oriatarrek, 943 363 964 telefonora deituta edo biyakbat@gmail.com helbide elektronikora idatzita. Bulegoarekin harremanetan jartzeko bideak dira horiek. Gaur goizean bost pertsona zebiltzan bertan lanean, maskarak jantzita eta beirazko pantaila babesgarriak jarrita arreta-gunean. Astearte eta ostegunetan egingo dute lan, 10:00etatik 12:30era. 

Taberna ere zabalik

Herritarren bat edo beste 10:00etan gerturatu da kafetxo bat hartzera tabernara. Gaur ireki dute hori ere. Mahaietan koloretako kartulina batzuk jarri dituzte, berde kolorekoak alde batetik eta gorriak bestetik. Mahaia desinfektatuta edo desinfektatu gabe dagoen adierazten dute, hurrenez hurren. 10:00etatik 13:00era eta 16:00etatik 21:00etara irekiko dute. Solairu horretako komunak ere ireki egin dituzte, baina gomendatu dute ahalik eta gutxien erabiltzea.

Lehen ez zeuden instalazio eta areto berri batzuk ere ikus daitezke Biyak Bat egoitzan. Adibidez, beheko solairuko larrialdi irteera. "Aspalditik zegoen obra onartuta, eta orain bukatu dute". Argazkia bertan atera dute. Barruan, metro batzuetara, ikus daitezke ile-apaindegiko zenbait tresna: eserlekua, burua garbitzeko konketa, armairu batzuk... "Ez dakigu oraindik noiz, baina gizonezkoentzako ile-apaindegi bat jartzea da asmoa". 

Gaur sartu da "normaltasun berrian" Biyak Bat. Pixkanaka-pixkanaka, urratsez urrats, bertako errutina eta giroa berreskuratu nahi dute. Oraindik ez egitea erabaki dute, baina kartak, partxisa eta antzeko denbora-pasak prest dituzte elkarrekin tarte atsegin batzuk igarotzeko. Etorriko dira horiek ere.

 

Erlazionatuak

Biyak Bat egoitzaren berrirekiera

Txintxarri Aldizkaria 2020 uzt 16 Gizartea