Lehia handiko asteburua itsasoan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uztailaren 15a

Donostia Arraun Lagunak trainerua Kontxako Badiatik ateratzen. Arg.: Aitor Arrizabalaga

Nahiz eta Donostia Arraun Lagunak eskifaiak banderarik ez irabazi, sailkapenerako baliagarriak diren puntuak lortu zituen asteburuan. Gaizka Ormazabal herritarrak Hibaika Susperregi arraun taldean KAE2 mailako denboraldiari hasiera eman zion, Pasai Donibanen. Gaur, bi herritarrek Gipuzkoako txapelketa jokatuko dute, Orion.

Euskotren Ligako traineruak Donostian eta Zierbenan lehiatu dira asteburu honetan. Oriok eta Donostiarrak eraman zituzten banderak. Donostia Arraun Lagunak taldeak lehia bizia izan zuen bi jardunaldietan eta sailkapenerako baliagarriak diren puntuak eskuratu zituen Aiora Belartieta herritarra kide duen eskifaiak.

Larunbatean Donostiako Kontxan izan zuten lehen saioa. Oriok aurrea hartu zuen Badiatik atera zirenean eta bigarren postua lortzeko lehia izan zen Donostiako bi traineruen artean. Donostiarra taldeak, ordea, ez zuen ziaboga ongi egin eta Arraun Lagunakek aurre hartu zion. Itzulian, Orio harrapatzen saiatu ziren, hiru segundora jarri ziren, baina ezin izan zuten aurrea hartu.

Donostiarra eta Hondarribi Bertako Igogailuak eskifaiak izan ziren hirugarren eta laugarren, hurrenez hurren.

Igandean, berriz, hirugarren postuarengatik lehiatu ziren Belartieta eta bere kideak. Honetan Hondarribia Bertako Igogailuak izan zen arerioa.

Ziabogan azken postuan iritsi arren, itzulian Donostia Arraun Lagunak eskifaiak Hondarribia Bertako Igogailuak aurreratu zuen eta hirugarren postua eskuratu zuen. Donostiarrak eraman zuen saria.

Puntu hauei esker, Donostia Arraun Lagunak-ek sailkapeneko azken postua utzi du eta Hondarribia Bertako Igogailuak berdinduta dago, zazpi punturekin. Lehen postuetan, berriz, Orio (15 pt.) eta Donostiarra (11 pt.) daude.

AKE2, denboraldi hasiera

Eusko Label eta Euskotren Ligako arraunlariak ez dira bakarrak lehian hasi direnak; uztailaren 11n, AKE eta ETE mailako denboraldiari hasiera eman zitzaion Pasai Donibanen. Bertan AKE2 mailako Hondarribiako arrantzaleen kofradiako bandera lehiatu zen eta herritar bat izan zen Hibaika Susperregi eskifaian, Gaizka Ormazabal.

Erlojupeko lehia izan zuten maila honetako hamaika traineruek eta bederatzigarren postuan iritsi zen Errenteriako eskifaia. Lapurdik irabazi zuen bandera.

Gaur, bi herritarrek Gipuzkoako txapelketa jokatuko dute Orioko uretan, 18:00etatik aurrera.