ESKOLAKO AGENDA 21

Klima aldaketa landu dute 1.300 ikasle inguruk Agenda 21 programan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 14a, 13:05

Lasarte-Oriako Lehen Hezkuntzako bi ikastetxeetan, 1.300 ikasle inguruk klima aldaketa landu dute, Agenda 21 programaren baitan. Erronka polita, baina osatu gabe geratu dena, COVID-19a dela eta martxo erdialdean ikasgelak utzi behar izan dituzte eta ez dira itzuli. Dena dela, jorratutakoarekin txosten bat egin eta udalari aurkeztu diote ikasle ordezkariek, euren etxeetan grabatutako bideo bidez. Datorren ikasturtean Eskolako Agenda 2030 programa hasiko da eta orain artekoa ordezkatuko du.

COVID-19aren pandemiak ikasleen egunerokoa ere irauli zuen arte, martxo erdialdera arte, ia egunero, herriko Lehen Hezkuntzako bi ikastetxetako hainbat ikaslek sentsibilizazio jarduerak egin zituzten klima aldaketari buruz: "Zer da?"; Nola eragingo digu?"; "Jabetzen al gara arazoaz?" eta beste galdera batzuk egiten zizkieten euren buruei. Ikastetxeek barne diagnostiko bat egin zuten, aztertuz gizartearen eguneroko kontsumoak eraginik ote zuen klima aldaketan edo ez, ikasleek zer egin dezaketen eskoletako energia kontsumoa murrizteko... Guzti horrekin, ikastetxeetako Txoko Berdeak elikatu zituzten. 

Klima aldaketa

Klima aldaketa landu dute aurten ikasle eta irakasleek Eskolako Agenda 21 programan. Bi ikastetxeetako ikasle ordezkariak elkartu, eta ikasturtean zehar egindako lan guztia bateratu zuten, gero Lasarte-Oriako Udalean aurkeztu beharreko txostena egiteko. Artelatz enpresak lagundu die horretan. Bizi dugun egoera tarteko, txosten horren azalpenak bideo bitartez eman dituzte ikasleek. Ikusi beharko da zer nolako bilakaera duen pandemiak udan zehar, baina datorren urteko lanketa ikasgeletatik eta udalerritik bertatik egitea espero dute parte-hartzaile guztiek.

Hori ez da ziurra oraindik, baina aldaketa bat egongo dela bai: Eskolako Agenda 2030 programa hasiko da 2020-2021 kurtsoan, eta gaur egungo EA21 delakoa ordezkatuko du. Garapen iraunkorrera bidean, hamazazpi helburu dituen egitasmo bat prestatu dute. Horietako bat da lehorreko ekosistemen ingurukoa. Gaia eta helburua "oso zabala" denez, herriko ikastetxeetako ikasleek basoetan oinarritutako lanketa egingo dute.