Sareren bizikleta itzulia, uztailaren 23tik 25era

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 14a, 11:33
Eskualde mailako aurkezpena egin du Sarek Andoaingo udaletxe parean. Argazkia: Lasarte-Oriako Sare.

Bizikleta itzuliaren aurtengo edizioa "berezia" izango dela iragarri du Sarek, COVID-19ak sortutako egoerara moldatutakoa. Hiru etapa egingo dituzte uztailaren 23tik 25era, ostegunetik larunbatera, Hego Euskal Herrian zehar. Beterri-Buruntza mailako aurkezpena egin dute Andoainen, eta azpimarratu eskualdean 24.807 kilometro egiten dituztela astebururo euskal presoen senide eta lagunek, eurak bisitatzera joateko. "Bada garaia presoak euskalherriratu eta horien etxeratze prozesua gauzatzeko".

Sareko kideak aldarrikapen pedalkadak emateko gogoz daude aurten ere. Azken urteetan bezala, bizikleta itzulia antolatu dute. Uztailaren 23tik 25era izango da aurtengoa, hiru etapatan banatuta: Lekunberritik Hernanirakoa ostegunean, Nafarroa eta Gipuzkoa batuz; Urduñatik Durangora ostiralean, Araba eta Bizkaia lotuz; eta, azkenik, larunbatean, Euskal Herrian dauden lau espetxeetatik hiriburuetaraino iritsiko diren lau etapa. Hauek dira: Zaballa-Gasteiz, Basauri-Bilbo, Iruñeko espetxea-Iruñea eta Martutene-Donostia. Ekimenean parte hartu nahi duten herritarrek esteka honetan izena eman dezakete.

Andoain, Lasarte-Oria, Usurbil, Hernani eta Urnietako Sare taldeek eskualde mailako prentsaurrekoa egin dute Andoaingo udaletxe parean. Uztailaren 23ko etapa, ostegunekoa, 50 kilometrokoa izango da, Lekunberritik Hernanira. Herri horretan bukatuko da etapa, Atsegindegin. Gune desberdinetatik bat egin dezakete herritarrek ibilaldi horrekin:

  • 11:45ean, Andoainen, Sorabillako Mendiola lantegian.
  • 12:00etan, Urnietan, Iruraingo gainean.
  • 12:30ean, Txantxillako errotondan. Gero bueltatxo bat emango dute erdigunean.

"Bereziki urte gogorra izaten ari da aurtengoa"

Eskualdeko Sare taldeek nabarmendu dute hiru hilabete igaro behar izan dituztela euskal presoek euren senide eta lagunen bisitarik gabe, COVID-19aren pandemia dela eta. "Ezjakintasuna eta ziurgabetasuna izan dira nagusi, eta beldurra ere bai, espetxeetako gabezia higieniko eta masifikazioaren ondorioz; urruntze politikak are gehiago zaildu du egoera". Bisitak egiteko aukera berreskuratu ostean, senide eta lagunek berriro ere "ehunka eta milaka kilometro" egin behar dituztela gogoratu dute. Beterri-Buruntza eskualdean, adibidez, 24.807, bidaia guztiak batuta. Horietatik 2.680 lasarte-oriatarrek egiten dituzte: Cordobara 1.680 –Javi Gallaga herritarra daukate preso han– eta Lannemezanera 500eko bi bidaia –Ibon Fernandez Iradi eta Aitzol Iriondo dauzkate preso han–.

Sarek preso eta iheslarien etxerako eta euskal jendartearen elkarbizitzarako eta bakerako bidea egiten jarraitu nahi du, eta horregatik antolatu du ekimen hau, Izan Bidea egitasmoaren baitan. "Uztailaren 25ean antolatu dugun azken etapan, Euskal Herriko espetxeetatik irten eta gure herriko hiriburuetan bukatuko dugu, etxean".