"Auzitegi Gorenaren sententzia errespetatuko dugu, baina ez gaude ados arrazoiekin"

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 13a, 16:46

Lasarte-Oriako Udalak adierazpen instituzional bat plazaratu du gaur, uztailak 13, astelehenez, Auzitegi Gorenak berriki emandako ebazpen baten harira. Udalak 2017. urtean onartutako ordenantza batean zehaztu zuen 16 urtetik beherako jarduerek euskaraz izan behar zutela, antolatzaileek diru laguntzak jasotzeko aukera izan zezaten.

Honela dio udalak plazaratutako adierazpen instituzionalak:

"Lasarte-Oriako Udalak errespetatuko du Auzitegi Gorenak emandako epaia, baina ez dago ados emandako arrazoiekin. Izan ere, edozein sententzia judiziali zor zaion errespetuaz gaindi, uste dugu sententziak ez dituela udalek hizkuntza politiken alorrean dituzten eskuduntzak aintzakotzat hartzen, batetik, eta hizkuntza berdintasunaren oinarrizko printzipioaren aurka egiten du, bestetik.

Lasarte-Oriako Udalarentzat, 1986an sortu zenetik, belaunaldi berriak ahalik eta elebidunenak izan daitezen lortzea izan da bere hizkuntza-politikaren zutabeetako bat. Horretarako, belaunaldi berriek D ereduan ikas dezaten sustatzeaz gain, eskolaz kanpoko jarduerak euskaraz eskaintzeko ahalegin handia egin du urte hauetan guztietan zehar, bai berariaz euskarazko jarduerak sortuz eta lagunduz, bai herriko gaineko agenteek antolatzen dituztenak gero eta euskaldunagoak izan daitezen sustatuz, urte askoan indarrean izandako Kalea Maixu! egitasmoa kasu.

2017. urtean Udalak herriko elkarteei diru-laguntzak emateko ordenantza arautzailea prestatu zuenean, Auzitegi Gorenak orain indargabetu duen baldintza jarri zuen, alegia, jarduera 16 urtetik beherakoei zuzendua bada, euskaraz izango dela zehazten duen baldintza. Eta hori egin zuen hiru arrazoi nagusiri  kasu eginez:

  1. Euskadiko Toki Erakundeei buruzko 2/2016 Legeak Udalari ematen dion habilitazioan oinarritu zen, legearen 7.2 artikuluan jasotakoak garatuz.
  2. Herriko haur eta gaztetxo guztiak gai dira eskola-orduz kanpoko jarduerak euskaraz egiteko, guztiek ikasten baitute euskaraz ikastetxeetan eta gainera, legez, bi hizkuntza jakinez amaitu behar dute euren derrigorrezko hezkuntza aldia, epaimahaiko bi boto partikularrek azpimarratzen duten moduan.

  3. Herriko haur eta gaztetxo guztiei komeni zaie eskola-orduz kanpoko jarduerak euskaraz  egitea, besteak beste, gustuko eremuan euskaraz egiteak hizkuntza hori modu sendoagoan eskuratzen laguntzen dielako, eta ondorioz, elebidun osoagoak izaten. Haur eta gaztetxo guztien kasuan da hori horrela eta bereziki da komenigarria ikastetxeaz gain familian euskaraz aritzeko aukerarik ez duten edo murritzagoak dituztenen kasuan.

Horregatik guztiagatik, Lasarte-Oriako Udalak bere sorreratik ezarritako helburua eta hizkuntza-politika mantenduko du eta helburu hori lortzeko bi bide prestatuko ditu:

  1. Sustapen neurriak. Aurreko 30 urteetan bezala, neurri sustatzaileak hartuko ditu eskola-orduz kanpoko jarduera horietan euskara gero eta gehiago erabil dadin.
  2. Neurri legalak. Auzitegi Gorenaren epaiak udalaren ordenantzan ezarritako baldintza indargabetzen badu ere, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean ari da horren ordezko formularik zuzenena zein izango den zehazten.

Amaitzeko, Lasarte-Oriako Udalak adierazi nahi du udalak berak arlo honetan egin duen hizkuntza politikak eta aipatutako ordenantzan jasotako baldintzak ez duela zer ikusirik herritarrak diskriminatzearekin. Alderantziz, udalaren helburua da inor ez diskriminatzea, eta horretarako bideak dira belaunaldi berrietako kide guztiek bi hizkuntzak irakaskuntza sistemaren bidez bereganatzea eta ikastetxetik kanpo ahalik eta euskarazko jarduera gehien izatea, horrela frogatu baitute urteetako esperientziak eta ikerketa ugarik.