U-12 HAUTESKUNDEAK

EAJk irabazi ditu Eusko Jaurlaritzako hauteskundeak; herrian, berriz, EH Bildu izan da bozkatuena

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 13a, 16:52

EAJk irabazi ditu Eusko Jaurlaritzako hauteskundeak bozen %39,1 eta 31 eserleku lortuta. Hortaz,  ezustekorik ez bada, Iñigo Urkullu izango da hirugarrenez lehendakaria. Lasarte-Orian, berriz, EH Bildu izan da alderdi bozkatuena (%28,17), parte hartzeak hamar puntu behera egin duen bozkaketan. 

Botoa emateko eskubidea zuten 14.371 lasarte-oriatarrek, baina erdiak (%50,03) bakarrik erabaki du hautetsontzietan botoa uztea.  Hauen kontaketa amaituta, EH Bildu izan da herrian gehien jaso dituen alderdia, 2.015 (%28,17). Jarraian, EAJk 1.904 (%26,61) eskuratu ditu eta PSE-EEk 1.821 (%25,45). Alegia, duela lau urteko ordena atzekoz aurrera jarri da, izan ere, 2016ko Eusko Jaurlaritzako hauteskundeetan PSE-EE izan baitzen bozkatuena, EAJ eta EH Bildu atzetik zituela. Elkarrekin Podemosek eta PPk errepikatu egin dute zerrendako tokia, baina bozak galduta. Elkarrekin-Podemosek 643 ditu (%8,86) eta PPk 436 (%6,09). VOXek Ciudadanosen tokia hartu du, baina alderdi laranjak aurrekoan lortutako boton ia erdiarekin, 132 (%1,85),  eta EQUO Berdeak-en alde egin dute 61 (%0,85) hauteslek. Halaber, beste alderdi txikiago batzuen alde ere bozkatu dute herritarrek (%0,11).

Adituek egunotan ohartarazi dute COVID-19aren krisiak parte hartzean eragin zezakeela, eta, oro har, asmatu dute, beherako joeran, behintzat. Euskal Autonomia Erkidegoan zortzi puntu behera egin du; Lasarte-Orian, berriz,  hamar, 2016an %60,21koa izan baitzen. Eguraldi kaskarrak, akaso, zeresanik izango zuen.

Eguerdian erdialdeko hauteslekuetan giroa lasaia izan da. Unearen arabera hautesle gehiago edo gutxiago zegoen eta edukiera mugak ilararen bat edo beste sorrarazi du, nahiz eta, oro har, ez duten luze itxaron behar izan. Hala izan da Sasoeta-Zumaburu ikastetxean, hamabost lagunetara mugatu baitute sarrera edota udaletxean. Bertan, udalbatza aretoan tartea mantentzen zela ziurtatu du hautesleei oharrak eman dizkien gizon batek. Manuel Lekuona kultur etxeko barrutian, berriz, mahai guztiak lehen solairuko kafetegian jarri dituzte eta beraiena zein zen ez zekitenek sortu dituzte pilaketa txikiak, ate inguruan. Egoera arintzeko, zalantzak argitu eta laguntzeko lana ahaldunetako batzuek hartu dute zenbait unetan.

Botoa etxetik eramateko aholkua jarraitu ez dutenek, gortinarik gabeko kabinetan hautatu behar izan dute gutun azala betetzeko papera; denek erabiltzekoa zena ahalik eta gutxien uki zedin, hidrogela hainbat tokitan eskuragarri egonda ere. Halako keinuek,  musukoek, pantailek, eskularruek... agerian utzi dute testuingurua ezohikoa zela.