Lau positibo gehiago erregistratu dituzte Beterri-Buruntzan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 12a, 14:00

Eusko Jaurlaritzak eguneratu egin ditu COVID-19ari buruzko datuak. Atzo, 28 positibo berri hauteman zituzten Euskal Autonomia Erkidegoan, hemezortzi, Gipuzkoan. 

Osakidetzak eguerdian argitaratu du atzoko datuekin atondutako txostena. 28 positibo berri baieztatu dituzte EAEn, gehienak Gipuzkoan, hemezortzi, hain zuzen ere. Sorburuak Ordiziako agerraldiarekin lotura izan badezake ere, Goierriko herri horretan kasu bakarra izan zuten atzo. Inguruko herrietan agertu dira beste batzuk, baita Beterri-Buruntzan ere. Larunbatean lau kutsatu hauteman zituzten eskualdean, bi Andoainen, eta bana Urnietan nahiz Hernanin. Azken bi egunetan ez bezala, Lasarte-Orian ez da positiborik izan. 

Emaitza horiek bezperan egin zituzten 3.218 probenak dira. 3.099 PCR eta 199 test azkar gauzatu zituzten. Aipatutako Gipuzkoako hemezortzi kasuez gain, Bizkaian, zortzi, eta Araban, bi, erregistratu zituzten. Test serologikoen bidez, aldiz, sei. Honek hartutako immunitatea atzematen du eta gainditutako infekzioa adieraz dezake. 

Pandemiaren hasieratik 21.605 pertsona eragin ditu koronabirusak. Gehienak, dagoeneko osatu dira, %65,3, eta atzo 26 negatibizatutako kasu erregistratu zituzten, eta lau pertsonek jaso zuten ospitaleko alta. ZIUetan ez da aldaketarik izan eta sei gaixok jarraitzen dute haietan. Bestalde, larunbatean ez zen hildakorik izan.