Albokak ikasturteari agur esan dio San Pedro elizan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 11a, 21:23

Sei abestik osatutako errepertorioarekin atondu dute arratsaldeko kontzertua. Edukiera muga eta segurtasun neurriak ezarrita izan bada ere, saioaz gozatzeko aukera izan dute herritarrek.

Aurreikusitakoa baino hilabete geroago, Alboka abesbatzak agur esan dio aurtengo ikasturteari gaur arratsaldean San Pedro parrokian egindako kontzertuarekin. COVID-19ak ezohiko hilabeteak ekarri ditu eta azken saio honetan ere agerikoa izan da koronabirusaren eragina. Izan ere, abeslariek musukoa edo pantaila jarrita kantatu baitute prestatutako errepertorioa. Edonola,  ohi bezain ondo entzun dira haien ahotsak. Babesik gabeko bakarra Montse Latorre zuzendaria izan da, bere jardunerako  hala behar baitzuen.

Herritarrek ere ezarritako segurtasun neurriak errespetatu dituzte. Edukiera mugatu dute, bankuetan eserita zeudenen artean tarteak adierazi, eta maskara jartzea ezinbesteko balditza egin. Horiek guztiak jarraituta, ia leku guztiak bete dituzte musikazaleek. Agustin Valdivia alkateak eta bere taldeko zenbait zinegotzik ere ez dute hutsik egin.  

Larrialdi egoerak eragindako itxialdian lanean jarraitu badute ere, normaltasun berriko hilabetean atondu dute abesbatzako kideek gaurko kontzertua. Sei abestik osatu dute,  besteak beste, Lesbordesen Kantuz, Let it shine edota itxialdian landutako Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak. Kanta zerrendak entzuleak asebete dituela esan daiteke, izan ere, zutik jarrita txalo zaparrada batekin eskerrak eman baitiete abeslariei.

Albokako kideen ahotsak Amaia Dorronsoro pianistak jotako doinuek lagundu dituzte ordu erdi luze iraun dituen kontzertuko zenbait piezatan. Amaieran, landare bana jaso dute oroigarri bai pianistak bai zuzendariak. Talde argazkia eginda emanaldia bera eta aurtengoa bukatu dute abesbatzako lagunek. 

Erlazionatuak

Albokaren kontzertua San Pedro elizan

Txintxarri Aldizkaria 2020 uzt 11 Kultura