COVID-19 BIRUSA

Beste positibo bat erregistratu dute Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 11a, 12:44

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ezagutarazi duenez, atzo, COVID-19ak kutsatutako 31 lagun hauteman zituzten Euskal Autonomia Erkidegoan. Horietako hiru Beterri-Buruntza eskualdekoak dira, herrikoaz gain, Andoainen bi kasu berri baitaude.

Koronabirus kasu berririk gabeko aste batzuen ondoren, ostegunean, bat hauteman zuten Lasarte-Orian. Atzo, berriz, bigarrena. Larritzeko arrazoirik ez bada ere, tentuz jokatu behar dela gogorarazteko abisua izan daiteke. Lau egunetan, bost kutsatu berri atzeman dituzte Beterri-Buruntzan. Izan ere, herriko biez gain, Andoainen hiru positibo izan baitira, bat, asteartean, bi, ostiralean.

Osakidetzak argitaratu berri duen txostenaren arabera, atzo, 3.420 PCR proba egin, eta 31 kutsatu berri erregistratu zituzten EAEn: Hamazazpi Gipuzkoan; hamabi, Bizkaian; eta bi, Araban. Egindako 337 test azkarren bidez, aldiz, 43 baieztapen egin zituzten. Proba serologikoak hartutako immunitatea edo pertsona batek sortutako antigorputzak neurtzen ditu, eta iraganeko infekzio bat adieraz dezake.

Kopuru horiek orain artekoei batuta, 21.574 dira COVID-19ak EAEn eragindakoak. Gehienak (%65,3), jada, osatu dira. Ostiralean, 29 negatibizatutako kasu erregistratu zituzten eta zazpi lagunek ospitaleko alta jaso zuten. Zaintza Intentsiboko Unitateetan egoera bere horretan mantentzen da: Birusa duten sei gaixo daude. Tamalez, azken 60 egunetan PCR positiboa izan duen pertsona bat hil zen atzo. Guztira, 1.622 dira pandemia hasi zenetik hildakoak.