Ostegun arratsaldean egin dute ikasturteko azken ohiko udalbatzarra

Maddi Zaldua 2020ko uzt. 11a, 12:00

Lau puntuko gai ordenaren inguruan eztabaidatu dute azken saioan. Laugarrenean, galdera eta erreguenean gai ugari jarri dituzte alderdi ezberdinek mahai gainean

2020ko maiatzaren 14an ospatutako aktaren onarpenarekin ekin diote ostegun honetako ohiko udalbatzarrari. Inongo alderdi politikok ez du gaiaren inguruko azalpenik eman, hortaz, onartu eta bigarren puntuari eutsi diote.

Lasarte-Oriako Udalaren merkataritzako, ostalaritzako eta zerbitzu pertsonaletako establezimenduak sustatzeko kontsumo bonuen oinarrien onarpena eztabaidatu dute. Aho baten onartu dute gaia, eta bozketaren ostean, bozka azalpena egin dute alderdiek.

Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos (ELOP) alderdiko bozeramaile David Ares izan da hitza hartzen lehena. Alderdi guztiak adostasun batera iritsi izanak "poztu" egin du ELOP, baina azpimarratu du, herriko merkataritza sustatzeko egitasmo hori lehenago ateratzea gustatuko litzaiekeela. Horrekin bateraz, esan du bonuak erabiltzeko epealdia Gabonetara arte luzatzeko eskaera egin dutela, baina Sozioekonomia batzordean azaldu zaiela arazo teknikoak medio, ezinezkoa izan dela eskaera hori gauzatzea. 

EAJko Boris Nogalesek hartu du hitza gero. Nabarmendu du bere alderdia "eroso" sentitu dela Sozioekonomia batzordeburuak gaiarekiko bideratu duen lan egiteko moduarekin. Argi azaldu du Lasarte-Oriako EAJ ez datorrela bat oinarrien filosofiarekin, baina laguntzeko prestutasuna agertuz, bost zuzenketa aurkeztu dituela alderdiak, eta horietatik bi hartu dituztela kontuan (EAJrentzat garrantzitsuenak direnak. Lehena, herriko merkataritza sustatzeko bonuak kontsumitzeko epeak bat ez etortzea Hezkuntza Sailaren eskola materiala erosteko diru laguntzekin; eta bigarrena, berriz, udalak bonu bakoitza %100ean finantzatzea (hasierako planteamenduan udalak bonu bakoitzaren %50a finantzatzea aurreikusi zen).

Hitzartzea amaitu aurretik, eskaera bat egin du; azken ahalegin bat eskatu dio Sozioekonomia batzordeari "egindako lanaren onurak benetan interesgarriak izan daitezen"; herritar eta establezimendu guztietara iritsiko den komunikazio kanpaina indartsu bat egitea.

EH Bilduko Uxue Loinazek ere hitz egin du gaiaren inguruan. Azken hilabete hauetan, herriko merkataritza laguntzeko martxan jarri diren diru laguntza lerro ezberdinak "beharrezkoak" direla azpimarratu duen arren, uste du "nahiko motz" geratzen direla, eta ez diotela arazoari errotik heltzen, baizik eta momentuko egoerari erantzuten diotela soilik. Gaineratu du, udalak aurrera begira ere Lasarte-Oriako motore den merkataritza eta ostalaritza sektorea sustatzeko baliabideak jarri eta neurriak hartu beharko dituela udalak. EAJko Nogalesek egin bezala, Loinazek ere azaldu du Sozioekonomia batzordeak oinarriak garatzeko bidean hartutako jarrerarekin "pozik" agertu da. 

Zabaleta Auzolanen mozioa, gai ordenako hirugarren puntua

Pasa den urteko ekaina hasieran, auzo elkarteari zuzendutako Basotxo plazako lokala egokitzeko lanak amaitu zituzten, baina oraindik, auzoaren erabilerarako espazio berria hutsik dago. Urte asko dira (20 baino gehiago) Zabaleta Auzolan elkarteak bere jarduerak baldintza egokietan egin ahal izateko lokal baten beharra agertu ziola udalari, eta gaur gaurkoz, lokala egon badagoen arren, ezin dute horren erabilera egin. "Ikasturtea amaitu da, eta orain arteko jarduera guztiak beti erabili izan dugun garajean egiten jarraitzen dugu". Horrela, Zabaleta Auzolan elkarteko kideek, egoera hori publiko egiteko erabakia hartu dute, auzotarrek eta gainerako herritarrek ere egoeraren berri jakin dezaten. Mozio bat aurkeztu dute, eta osteguneko udalbatzarrean landu dute gaia alderdiek. Eskatu diete uda honetan bertan lokala auzo elkartearen eskuetan uzteko beharrezko eta benetako ahalegina egin dezatela. 

Eskaera bozkatu aurretik, hitza hartu dute ELOPko David Aresek eta EH Bilduko Jon Martinek. Aresek azaldu du ulertu ditzaketela lokala auzotarren eskuetan uztea atzeratu duten "arazo teknikoak", baina guztiz onargarria dela egiten duten eskaera, eta espero dutela auzo elkartearen nahia lehenbailehen gauzatzea. Horrekin batera, lokalaren momentuko egoera zein den azaltzeko eskatu dio udal gobernu taldeari. 

Martinentzat, berriz, "ulertezina" da egoera, eta mozioaren aldeko jarrera erakutsi du, eskaera arrazoizkoa dela argudiatuz. Gaia baliatu du, herriko gainerako elkarteek bizi duten lokal faltaren arazoa mahaigaineratzeko: "Arazo hau ez da berria, eta ez zaio erantzun egoki bat ematen". Gogoratu du iniziatiba ezberdinak planteatu izan direla, baina bere horretan geratu direla beti. Hortaz, arazo horri aurre hartzeko elkarlan bat martxan jar dezatela eskatu dio gobernu taldeari.

Lourdes Acevedo sozialistak erantzun die Ares eta Martini, esanaz, bat datorrela biek mahai gainean jarritako zenbait punturekin, baina gaiarekin lanean ari direla jakinarazi du.

Bozketa egin dute jarraian, eta alderdi guztiek bat eginez, aho batez onartuta geratu da Zabaleta Auzolanen eskaera. Antxordokik hartu du hitza hurrengo puntura pasa aurretik, eta azaldu du berandu bada ere, ongi etorria izango dela Zabaletako bizilagunen lokala.

Galdera eta erreguen tartean, gai asko

Ekaineko ohiko udalbatzarrean erantzun gabe geratutako bi gaien inguruan hitz egin dute lehenik. EH Bilduk galdetu zien Erraustegiak isurtzen dituen dioxina eta furanoen kontrol mota eta maiztasunari buruz ea ba ote zekiten enpresa kudeatzaileak noiz eta nola egingo dituen. Osteguneko saioan erantzun dio David Mateos Zerbitzuetako zinegotziak. Esan du badakitela erraustegiak dioxina eta furano emisioak gutxitzeko teknologia erabiltzen duela, eta argitu du, jaso duten informazioaren arabera, erraustegia martxa jarri eta lehen urtean bi hilabetero egingo direla kontrolak, eta lehen urtea pasata, hiru hilabetero, beti.

Jon Martinek Mateosen azalpenari erantzunez, "kezka" agertu du. Zaborra egunero eta urteko 365 egunetan egingo dela kontuan hartuta, arriskua eguneko 24 ordutan eta 365 egunez dagoela gogorarazi dio, eta hortaz, Eusko Jaurlaritzak markatutako kontrol epe horiek ez zaizkio nahikoak iruditzen. EH Bilduren ustetan, dioxina eta furanoen inguruko kontrol jarrai bat behar du erraustegiak.

EAJk egindako beste galdera bat ere erantzun gabe geratu zen ekainaren 11ko udalbatzarrean, eta osteguneko saioan erantzuna eman diote. Parte-hartzeari buruz  bere garaian onartu zuen udalak Ordenantza Zibikoak, 48. artikuluan, besteak beste, esaten du urtero eman behar duela kontu udalak gai horren inguruan onartutakoei buruz, eta ekainaren 15ean bete denez urtebete korporazio berria lanean hasi zenetik, jeltzaleek jakin nahi dute horrelakorik egingo den ala ez. Nagore Duran Herritarren Partaidetzarako zinegotziak, galdera horri erantzunez, udalak egin asmo dituen parte hartze prozesuen berri eman dio (gutxienez sei aurreikusi dituzte). Erantzun horrek, ordea, ez du guztiz ase zinegotzi jeltzalea. 

Galdera eta erreguen tartea zabaltzeko, ELOPko David Aresek hartu du hitza. Bi galdera luzatu dizkio udal gobernu taldeari; lehena udalaren antolaketa eta lanpostuen inguruko estudioa noiz aurkeztu asmo duten galdegin du. EAJk ere bat egin du galdera horrekin, eta horri erantzunez, Agustin Valdivia alkateak esan du datorren astean dagokion batzordea deituko dutela, eta bertan jakinaraziko dietela zein egoeratan dagoen gaia. Bigarrena galdera berriz, 2018. urteaz geroztik airean dagoen Udaltzain postuei dagokion lan eskaintza publikoa egingo duten ala ez, hiru urtetan baliogabetzen baita deialdia. Horri Lourdes Acevedok erantzun dio, esanaz, lan eskaintza publikoa 2021ean amaitzen dela, eta dagoeneko alkateak horiek deitzeko idatzizko-agindua eman duela. 

EAJk beste galdera bat gehitu du hitz egiteko txanda iristean. Galdetu du udal langile baten erretiro pagaren inguruan udalak jasotako salaketaren inguruan. Alderdi jeltzaleak jakin nahi du zein ebazpenik badagoen. Acevedok erantzun du salaketaren inguruan egindako lanketaren zain daudela gaur-gaurkoz.

EH Bilduren txanda izan da gero, eta Jon Martin bozeramaileak ere hainbat gai ekarri ditu mahai gainera. Leroy Merlinen inguruan galdetu du lehenik. Bere alderdiak jakin nahi du Sozioekonomia batzordeak aurreikusten ote duen Teresategin eraiki asmo duten proiektuak Lasarte-Orian izango duen inpaktuaren inguruko azterketarik egingo duten ala ez. 

Nuria Fernandez Sozioekonomia batzordeburuak erantzun dio galdera horri, esanaz, gaur-gaurkoz ez dagoela gisa horretako ikerketarik, baina uste dutela ikerketa bat egin behar dela, baina ez Leroy Merlinek herrian izango duen inpaktuaren ingurukoan, baizik eta ikerketa horrek bildu behar dituela ondorio horiek osatu eta orekatuko duten neurriak.

Kiroldegi berriaren inguruan mintzatu da gero Martin. Jakinarazi du EAEko Auzitegi Nagusiak ekainak 17an argitaratutako sententzian, Lasarte-Oriako kiroldegi berrirako proiektuen esleipenerako prozedura nulua deklaratu duela, eta horren inguruko azalpenak eskatu dizkio udal gobernu taldeari. Galdetu die ea zergatik ez duten EAEko Auzitegi Gorenaren erabaki horren berri eman, eta ea sententzia horri errekurtsorik jartzeko asmoa duten. Horrekin batera, prozesu honek kiroldegiaren proiektua martxan jartzeko epeak zenbateraino atzeratu daitezkeen aztertu ote duten ere galdegin du. Valdiviak erantzun dio, bozeramaileen batzordea deitu dutela astelehenerako, eta hirigintzako arduraduna bertan izango dela gai horren inguruan dituzten zalantzak argitu eta dagozkio azalpenak emateko.

Lurrazpiko zaborrontziak ere izan dira hizketarako gai. Martinek jakinarazi du ekainaren 23an prentsan argitaratutako albiste baten bidez jakin dutela lurrazpiko zaborrontzien inguruko galdeketa egin asmo duela udal gobernuak, eta hori egin ahal izateko Espainiako Gobernuak eman beharreko baimena jaso dutela. Galdegin du ea Espainiako Gobernuak galdeketa egiteko zein terminotan eman duen baimena; nolabaiteko mugarik jarri dioten galdeketari; galdeketa gauzatzeko epe mugarik ezarri duen Espainiak; eta noiz aurreikusten duten galdeketa hori egitea. Agustin Valdiviak erantzun dio alderdi abertzalearen azken galdera horri, esanaz, datorren asterako deitu duten batzordean emango dutela guzti horren berri. 

Saioa amaitu aurretik, datorren astelehenean, Hernaniko Biteri kultur etxean Beterri-Buruntza mankomunitatea osatuko dutela gogorarazi die alderdiei, alkateak.