COVID-19 BIRUSA

Positibo berri bat erregistratu dute Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 10a, 15:17

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak jakinarazi duenez, EAEn COVID-19ak kutsatutako 31 lagun hauteman dituzte azken 24 orduetan, horietako hemezortzi, Gipuzkoan.

Astetan aldaketarik izan gabe, koronabirusak kutsatutakoen zerrendan agertu da Lasarte-Oria. Osakidetzak eguerdian argitaratu du atzo bildutako datuekin egindako txostena, eta bertan agertzen denez, baieztapen berri bat izan zen herrian. Hala, pandemia piztu zenetik, 54 lasarte-oriatar eragin ditu COVID-19ak. 

Atzo, 3.966 proba egin zituzten erkidegoan, 3.448 PCR eta 528 test azkar. Lehenegoen bidez, 31 positibo berri hauteman zituzten. Lurraldeka: hemezortzi, Gipuzkoan; zortzi, Bizkaian; eta bost, Araban. Gipuzkoakoak nagusiki Ordiziako agerraldiari lotutakoak dira, nahiz eta beste eskualde batzuetan ere izan diren.

Test serologikoen bidez, aldiz, 43 kasu baieztatu zituzten. Probak hartutako immunitatea edo pertsona batek sortutako antigorputzak neurtzen ditu eta iraganeko infekzio bat adieraz dezake.

Alde baikorrean, birusa izan duten 21.502 lagunetatik 14.057 jada osatu dira, atzo, erregistratutako 27 pertsona negatibizatuak batuta. Gainera, zazpi lagunek jaso zuten ospitaleko alta eta ez zen hildako berririk izan. Ospitaleko Zaintza Intentsiboko Zerbitzuetan sei pertsona daude. 

R0 edo birusaren birsortze-tasa hazi egin da bezperakoarekin alderatuta, 1,86 da. Horrek esan nahi du COVID-19a daukan pertsona batek beste 1,86 kutsa ditzakeela batez beste.

Bi kasu berri eskualdean

Aste honetan bi kasu berri atzeman dituzte Beterri-Buruntza eskualdean, Lasarte-Oriakoaz gain, asteartean beste kasu bat erregistratu baitzuten Andoainen. Herriz herri, hauek dira orain arteko datuak:

  • Hernani:  67 
  • Lasarte-Oria: 54
  • Andoain: 49
  • Astigarraga: 23
  • Urnieta: 22
  • Usurbil:  16