Texas Lasartearra eta Ostadar SKT, Donostia Cup gabe

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 11a, 11:00
Texas Lasartearra 2019ko Donosti Cupeko partida jokatzen.

Donostia Cupek antolatu behar zuen herri mailako txapelketa bertan behera geratu da

Lasarte-Oriako futbol taldeek ezingo dute Donostia Cupen parte hartu. Txapelketak herri arteko lehia antolatzeko asmoa zuen. Azken asteko COVID-19ko agerraldiek eta agintarien neurriek eraginda, lehiaketa hori ere ez egitea erabaki dute antolatzaileek. "Parte-hartzaile guztien segurtasuna bermatzeko baldintzak betetzen ez direla iritzita, Donosti Cup Erakundearen Batzorde Antolatzaileak erabaki zail hau hartu du," adierazi dute.

Antolatzaileak txapelketaren izpiritua mantentzeko ahalegina egin dute hilabete hauetan. Maiatzean bere ohiko formatuan jokatuko ez zela jakitera eman zuten. Nazioarteko talderik ez zen egongo, Donostia Cup birtuala antolatu eta herri mailako txapelketa batean lanean ari zirela aurreratu zuten.

Duela bi aste Gipuzkoako taldeei jakinarazi zitzaien txapelketan izena emateko aukera zutela eta 160 taldek baino gehiagok erantzun zuten deialdira. Horien artean, Texas Lasartearra eta Ostadar SKT.

Talde batzuk txapelketa prestatze aldera hasi ziren lanean, herriko Texas Lasartearra, esate baterako. "Aurreko asteetan Donostia Cup jokatuko zuten taldeek bakarrik egin dituzte saioak. Txapelketa bertan behera geratu denez, guk ere entrenamenduak etengo ditugu," azaldu dute Texas Lasartearrako kideek.

Ostadar SKTk ere bi talde lanean hastea aurreikusi zuen, baina antolatzaileek hartutako erabakiaren ostean, entrenamenduak bertan behera utzi dituzte. 

Infantil-txikien aukeraketa

Hala ere, hurrengo denboraldiari begira, infantil-txiki taldea osatzeko Ostadarrek hiru saio egingo ditu aste honetan. Atzo, ostiral arratsaldean izan zen lehena eta astelehen eta asteazken goizean, 10:00tatik 12:00tara, izango dira hurrengo biak.