'Festamentua' Okendo plazan

Iñigo Gonzalez Sarobe 2020ko uzt. 10a, 12:55

Tio Teronen Semeak taldeak Festamentua plazaratu du Okendon ostegun arratsaldean. Ikus-entzuleentzat jarritako 200 aulkietako bakar bat ere ez da hutsik geratu, eta perimetroa markatzeko hesietan ere herritar ugarik jarraitu dute emanaldia. Dantza, umorea eta musika uztartzen dituen ikuskizun dinamikoak zur eta lur utzi ditu lasarte-oriatarrak. Bukaerako txaloak izan dira horren seinale. Hileta bainoago, festa ederra izan da. Lanaren izenburuak hori iradoki zezakeen, baina emanaldia ezagutzen ez zutenek nekez imajina zezaketen gainera etorri zaien emozio erauntsia.

Kazetariak, egia esan, ezin dezake ostegun arratsaldeko emanaldiaz askoz gauza gehiago kontatu. Ikuskizunaren kronika egitea zen asmoa, eta argazki batzuk ere bai. Emaitza: koadernoa motxila barruan geratu da, eta bi kamera erabiliz saiatu da Festamentua irudien bitartez kontatzen, argazkiek hitzek baino gehiago transmitituko zutelakoan. Beste behin.

Gutxitan pasa dira 40 bat minutu horren azkar. Hori komentatzen zuen ikus-entzule batek baino gehiagok emanaldia bukatutakoan: "Oso laburra egin zait, konturatu gabe pasa zait denbora". Gozatu ederra hartu duten seinale. Hori, eta nekatu arte egin dutela txalo amaieran, eserlekutik altxata batek baino gehiagok. Tio Teronen Semeak taldeko dantzari eta musikari trebeek ere horrela erantzun diete, eskertuta. Talde argazkia atera dute bukaeran, plaza erdian, Festamentua-ren bildumara gehitzeko. Egoerak hala ahalbidetzen duen bitartean, albumaren orri gehiago beteko dituzte datozen aste eta hilabeteetan.