Intzako pilotariek hiru garaipen eta porrot bat txapelketa garaiari hasiera emateko

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 10a, 16:00
Jon Pello Artetxe, Santio txapelketako final-laurdenean. Arg.: Aiurri aldizkaria

Intza elkarteko Artetxe eta Urdanpilleta kideak Villabonako Santio txapelketan eta Hernaniko Zikuñaga txapelketan lehian ari dira

Jon Pello Artetxe seniorra Santio txapelketatik kanpo geratu zen uztailaren 2an. EPLEko Odriozola lagun Eskudero eta Urruzolaren aurka jokatu zuten final-laurdena eta Odriozolaren lesioa medio, ezin izan zuten Gazteleku eta Pagazpe elkarteko  kideek osatutako bikotea garaitu.

"Guk lehen aldia genuen elkarrekin jolasten eta Eskuderok eta Urruzolak ongi ezaguten dute elkar. Urruzola, gainera, profesional bezala aritu da", azaldu digu Artetxek.

Partida hasieratik nabaritu zen bi bikoteen arteko aldea eta 1 eta 5ekoa markagailuan zela, Odriozolak belaunean min hartu zuen. "Pena handia dut Odriozolaren  lesioagatik," onartu du herritarrak.

Hortik aurrera, arerioek bidea libre izan zuten garaipena eskuratzeko. 3-22 izan zen azken emaitza.

Atzo arratsaldean, berriz, Villabonako porrota ahazteko aukera izan zuen herritarrak. Hernaniko Zikuñagako Txapelketaren bigarren edizioan. Intxurre elkarteko Irazustabarrenarekin bat eginez Gelis-Aranguren EPLEko bikote izan zuen arerio eta 18-13 irabazi zuen 

Txapelketan berean, bide ederra egin ari da Urdanpilleta kadetea. Manterola hernaniarra bikote duela bi garaipen eskuratu ditu herritarrak. 

Uztailaren 4an, 18-4 garaitu zituzten Arabaolaza eta Martin. Asteazkenean, aldiz, Arluziaga eta Alegriaren aurka partida borrokatuagoa jokatu behar izan zuen bikoteak. Azkenean, 13-18 irabazi zuten.