Herriko sorgin dantzariak Berrizen geratu dira

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 10a, 11:23
Playmobil panpinatxoekin egindako Sorgin Dantzako dantzariak

Playmobil panpinak kustomizatzen ditu Peio Agirre berriztarrak. Askotariko pertsona eta pertsonaia bihurtu ditu Playmobil panpina; 120 pieza sortu ditu orain arte eta horien artean aurkitu daitezke euskal kulturako pertsonaia ugari

"Betidanik" datorkio Peio Agirre (Berriz, 1969) playmobil panpinekiko afizioa. "Txikitatik" jolastu izan du horiekin, baina duela hiruzpalau urtetatik, jolastu baino, kustomizatu egiten ditu panpinatxoak. Andaluziara egindako bidaia batek animatu zuen zaletasun berri horretan murgiltzera.

Espainiako hegoaldean hain ezagunak diren prozesioak irudikatzen zituzten playmobil panpinatxoez betetako dioramekin egin zuen topo bidaia hartan, eta orduan pentsatu zuen, andaluzek egiten bazuten, zergatik ez zion berak ere afizio horri ekingo, eta halaxe egin zuen. Dagoeneko 120 panpinatxo baino gehiago sortu ditu; besteak beste, KISS musika taldea, Pippi Galtzaluze, Frida Kahlo, eta beste pertsonaia asko bizi dira egilearen tailerrean, tartean, Euskal Kulturako pertsonaia ugari ere bai: Altsasuko Momotxorroak, Ituren eta Zubietako Joaldunak eta Zuberoako Maskaradako dantzariak. Baina baita ere, Lasarte-Orian hain kuttuna den Sorgin Dantzako dantzariak.

Antzeman diegu, ordea, herriko Sorgin Dantzako dantzariekin ezberdintasunik: Agirreren panpinatxo gizonezkoaren kapela urdin argi kolorekoa da, eta Lasarte-Oriakoek, berriz, gorri kolorekoa erabiltzen dute. Dantzaria den aldetik ere dantzaz badaki zerbait Agirrek, eta detaile horren azalpena eman du. Sorgin Dantzan, hasieran, kapela urdina erabiltzen zela jakinarazi du. Beste datu bat ere eman du; Sorgin Dantza Bergaran sortu zela du ulertua, eta handik Lasarte-Oriara lanera etorritakoek ekarri zutela herrira, gaur egun Lasarte-Oriako ikur bilakatu den dantza.
 
Afizioa, ez ofizioa
Sortu behar duen panpinatxoaren arabera, denbora gehiago edo gutxiago behar izaten du Agirrek lana hasi eta amaitzeko: "Sortzen ari naizen panpintxoaren araberakoa da behar dudan denbora; pintatu egiten ditut, eta pinturak lehortzeko denbora bat behar duenez, horrek markatzen du hasi eta amaitzeko denbora, baina gehienez, astebetean amaitzen dut bat; bestela sei bat ordutan amaituta daukat".

Merkatuan ez dituzte txapela, gerriko eta zapiak dituzten playmobil panpintxoak saltzen,  hain zuzen ere, osagarri horiek guztiak sortuz apaintzen ditu Agirrek bereak. Horretarako "moldekatzeko pasta" erabiltzen du: "behin lehortuta, gogor-gogor geratzen da".

Ez zuen inolaz espero izaten ari den "arrakasta". Asteotan komunikabide ugari jarri dira berarekin harremanetan, eta "pozgarria" zaion arren,  "eromena" izaten ari dela aitortu dio txinxtarri-ri. Eskaerak ere nabarmen igo zaizkio, eta hori guztia kudeatzen saiatzen ari da orain. Halere, presente du beti Agirrek, Playmobilekin egiten duena zaletasuna dela, ez ofizioa, eta hala izaten jarraitzea nahi du gainera: "Afizioa ofizio bihurtzen den momentuan, akabo". Eguneroko eginkizunetatik erlaxatzeko baliagarri zaio afizioa.

AEBetatik ere jaso du eskaera bat baino gehiago, eta sortu dituen pieza guztietatik gehien eskatzen dituztenak dantzariak direla azaldu du. Orain, Gasteizko pertsonaia famatu bat sortzeko lanetan ari da: Zeledon.

Inork artista berriztarraren lanik erosi nahiko balu sare sozialen bidez (instagrama: playmobil.customizados edo facebooka: peioagirrecustom) jarri daiteke berarekin harremanetan.

Erlazionatuak