Erketz EDT: "Gure asmoa urri aldera emanaldi bat plazaratzea da"

Nerea Eizagirre 2020ko uzt. 11a, 09:00
Erketz EDTko kideak 2019ko ekainean egindako emanaldian.

San Pedro egunean, Erketz EDT dantza taldeko kideek San Pedro elizan egin zen meza nagusian Agurra dantzatu zuten. Zapore gazi-gozoa utzi zien ekitaldiak dantza taldeko kideei. Aurten ezin izan diote ohi bezala ikasturteari amaiera eman

Ikasturte amaierako dantzaldia eta San Joan suko Soka-dantza ezin izan dituzue egin. Pena izan da zuentzat?
Noski, guretzat bi ekitaldi hauek urteko ekitaldi garrantzitsu eta politenak dira.

Lehena gure urte osoko lana plazaratzeko eguna izan ohi da, Erketzekoentzat egun handia, non irriak, poza, malkoak, urduritasunak… partekatu eta azaleratzen diren. Urte osoa lanean aritu ondoren, herritarrei, Euskal Herrian dantza ezberdin asko daudela erakusteko unea ere izaten da. Azkenean, ikasturtea biribiltzeko emanaldia da guretzat, eta datorren urtean berriz hasteko indarrez betetzen gaituena.

San Joan suko Soka-dantza, aldiz, jada ohitura bihurtu den dantza da herrian, eta oso eskertua gainera publikoaren aldetik. Gau magikoa dela diote, eta aurten ezin ospatu izanak tristuraz betetzen gaitu.

Gau honek herriko beste elkarte batzuekin plazaratzeko aukera ere ematen digu, Zero Sette eta Albokarekin hain zuzen ere, non beraien laguntzarik gabe oso zaila izango zen ekitaldi hau aurrera eramatea. Ezin ahaztu egun honetako parte-hartzea irekia dela, eta orotariko herritarren parte hartzeak azken ukitua ematen diola emanaldiari borobila izan dadin.

Noiz hasi ohi zarete emanaldi horiek prestatzen?
Normalean urri hasieran hasten gara ikasturtea antolatzen, lehen bilerak, entseguak… Hala ere, urte batzuk bereziak izaten dira, aurtengoa bezala Euskararen Maratoia dela eta. Emanaldi hauek prestatzeko aurreko ikasturtea luzatu ohi dugu, eta emanaldi hauek gauzatzean berriarekin hasten gara.

Ekitaldi bakoitzaren atzean, ematen ez badu ere, lan ikaragarria dago. Gure kasuan, ikasturte hasieran, urtean zehar zein emanaldi izango ditugun aurreikusten du batzorde teknikoak, eta horren arabera dantza batzuk prestatzen dira urtean zehar ikasten joateko. Beraz, dantzen ikerketa txiki bat eta prestaketa-plangintza, musika moldaketa, jantzien konponketa eta txukunketa… eskatzen dute, lan handia azken finean.

Itxialdiak zer suposatu du Erketzentzat? Nola moldatu zarete entseguak egiteko?

Martxoaren 12an entsegu guztiak bertan behera uztea erabaki genuen, eta egoera aldatzen zihoan heinean aktibitateari berriro helduko geniola. Bitartean, etxean entsaiatzeko dantzen bideoak prestatu ziren, erritmoa ez galtzeko. 

Hala ere, gure kasuan dantza asko taldekako dantzak direnez, eta material desberdina erabiltzen denez, ezinezkoa egin zaigu konfinamenduan dantza hauek aurrera eramatea.

Alarma egoera sartu zenetik entsegurik egin gabe jarraitzen dugu. Egia da orain taldean egon daitekeela, baina ezin ditugu segurtasun neurriak ziurtatu, kontaktua beharrezkoa baita dantzetan. Hori dela eta, entseguekin oraindik ez hastea erabaki dugu, osasuna gailenduz.

Entseguekin irailean hasiko zarete, orduan?

Gure asmoa urri aldera emanaldi bat plazaratzea da, ikasturte berezi hau amaitutzat emateko, baina ikusi beharko da hori aurrera eramateko baldintzak betetzen diren. Horretarako, entseguekin abuztu amaieran edo hastea da asmoa.

Baina entsegurik egin ez arren, larrialdi egoeran ez zarete geldirik egon…

Uneoro alternatibetan pentsatzen aritu gara, eta esaterako, bideo bat prestatu genuen konfinamendua arinago igarotzeko. 

Bideo honetan Erketz osatzen duten hiru taldeek parte hartu zuten: Erketz EDT, Erketz Lagunak eta Erketz Txikik; eta 50. urteurreneko flashmob-ean egin zen koreografia egitea pentsatu zen une haiek berriz ere gogorarazteko.

Zer esan nahiko zeniekete herritarrei?

Lehenik eta behin espero dugu egoera normalizatzen eta birus hau desagertzen joatea. Eta herritar guztiei animoak bidali nahi dizkiegu Erketz EDT osatzen dugun guztion partetik.