Uztailaren 8an atzemandako kasu positiboak gehituta, 21.433 pertsona kutsatu ditu koronabirusak EAEko hiru lurralde historikoetan. Azken egunetako agerraldiak medio (aipagarriena, Ordiziakoa), Gipuzkoan detektatzen ari dira kasu gehien PCR proben bitartez. Atzoko hamaseiekin, 2.379 pertsona kutsatu dira orain arte. Azken egunetan agerraldiak probintzia horretan gertatu izanagatik, Araban eta Bizkaian pilatutako positiboak dezente gehiago dira oraingoz: 3.382 eta 7.947, hurrenez hurren. Koronabirusak kutsatu dituen pertsonetatik 14.030 negatibizatuak izan dira honezkero, eta ospitaleko alta jaso dute 4.363k. Azken 24 orduetan ez da inor gehiago hil. EAEn 1.621 pertsona zendu dira COVID-19ak jota.
ZIU unitateetan sei paziente daude ingresatuta; horietatik hiru azken hamalau egunetan zehar eraman dituzte bertara. R0 edo birusaren birsortze-tasak igotzen segitzen du, eta uztailaren 8an 1,80koa izan da.
Herriz herriko datuak
Uztailaren 6ra arte metatutako datuen arabera, Lasarte-Orian 53 pertsonari eragin die koronabirusak orain arte. Azken asteetan ez da aldaketarik egon gurean. Beterri-Buruntzan, oso gutxinaka bada ere, azken asteetan atzeman dira positibo berri batzuk eskualdeko zenbait herritan: berrienak, Andoaingo bi eta Astigarragako bat. Uztailaren 8ko datuak hauek dira:
- Hernanin, 67 kasu
- Lasarte-Orian, 53
- Andoainen, 50
- Astigarragan, 24
- Urnietan, 22
- Usurbilen, 16
Eskualdeko herrietako kasuak batuta, Beterri-Buruntzan 232 kasu atzeman dira orain arte.