Amaitzear dagoen aste hau erabakigarria izango da askorentzat, eta ez, ez naiz hauteskundeez ari, batxilergoko ikasleez baizik. Eta noski, kopetan, begizuloetan, azkazalik gabeko eskuetan tatuatuta daramazuen hitzaz, selektibitatea. Izan ere, hori guztia eragiten du selektibitateak: urduritasuna, presioa, insomnioa, eta hezkuntza sistema sano batek sortu behar ez lituzkeen beste hainbeste gauza. 

Aspaldidanik onartu zenuten tokatzen zitzaizuela eta kitto, zuen aurrekoek egin zutela eta ondorengoek egingo dutela, eta ez zaituztela inork egitera behartzen, esplizituki behintzat, baina badagoela hor azterketa madarikatu hori prestatzera bultzatzen zaituzten indar bat: presioa.

Anderrek ez du ikasteko baliabide nahikorik izan konfinamenduan ordenagailu bat besterik ez dutelako hiru anai-arrebentzat; Izarri aitona hil zitzaion orain astebete; Norak medikuntzan sartu nahi du, eta presioak ez dio ikasten utzi. Baina berdin dio, kasuak kasu, haien etorkizuna asteazkenean erabaki zen azken azterketa amaitu berritan.

Berdin dio zein den norberaren egoera pertsonala produktiboak garen bitartean, urtean zehar irentsitako guztia paperean botaka egin eta sistemaren funtzionamendu egokia bermatuko duzuen bitartean, badakizue, kapitalismoa. Selektibitatea eta produktibitatea errima estuak dira oso, eta ez da kasualitatea.

Hiru egun hauek zuen etorkizuna erabaki dutela sinestarazten badizuete ere, zuen esku dago dena, norberaren erabakiek eraikitzen baitute norberaren etorkizuna.

Gazteak, ez ahaztu ez zaretela zenbaki huts bat eta sistema ez dela nor zuek hala sentiarazteko. Gozatu uda eta goxatu zuen burua!