U-12 HAUTESKUNDEAK

Hauteskunde barruti batzuetan aldaketak igandera begira

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 9a, 14:00

Lasarte-Oriako Udalak jakinarazi du igandeko hauteskunde mahaietan aldaketak egingo dituela. Era berean, sarrera eta irteera puntu guztiak seinaleztatu egingo ditu. Herritarrei eskatu die horiek errespetatzeko.

Sasoeta ikastetxean, esate baterako, beste toki batetik sartu beharko dute herritarrek igandean. Ohiko sarbidetik ez, goialdean dagoen aparkalekutik baizik. Bozka eman eta gero, orduan bai, ohiko sarbide horretatik irtengo dira lasarte-oriatarrak. Mahaiak ere beste era batera antolatuko dituzte: liburutegian eta pasiloan zeudenak beheko solairuan dauden gela batzuetan jarriko dituzte; aurreko aldietan beheko solairu horretan zeuden mahaiak toki berean mantenduko direla adierazi du udalak.

Aldaketa gehiago. Manuel Lekuona kultur etxeko barrutiko mahai guztiak lehenengo solairuko kafetegi guztian jarriko dituzte igandean. Liburutegi zaharreko barrutian –Ola kalean dago–, berriz, aurten ez dute hauteskunde mahairik jarriko, guztiak Sasoeta-Zumaburu HH ikastetxeko gimnasiora eramango baitituzte, Zumaburu kalera, eta gune horretan egon ohi ziren mahaiak jangelan kokatuko dituzte, gimnasio ondoan.

Hamahiru barruti egongo dira uztailaren 12ko hauteskundeetan, eta 22 mahai. Ekaineko ohiko udalbatzarrean zozkatu zituzten mahaiak, eta aukeratuta daude honezkero 22 lehendakari eta 44 bokalak. 14.371 lasarte-oriatar daude bozka ematera deituta igande honetan.