COVID-19 BIRUSA

31 positibo berri atzeman dituzte EAEn azken 24 orduetan, horietatik hemeretzi Gipuzkoan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 8a, 14:49

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak uztailaren 7ko datu eguneratuen berri eman du gaur. Horien arabera, EAEko hiru lurraldeetan 31 positibo berri detektatu dituzte azken 24 orduetan. Horietatik hemeretzi Gipuzkoan atzeman dituzte, Ordiziako agerraldian gehienak, kopuru zehatzaren berri eman ez duten arren. Lasarte-Orian, ekainaren 29ra arteko datuak eskuetan, 53 pertsonari eragin die COVID-19ak.

Azken asteetako kutsatu kopuru handienaren berri eman du gaur Osasun sailburu Nekane Murgak. EAEko hiru lurraldeetan atzemandako kasuak batuta, 31 izan dira azken 24 orduetakoak, PCR proba bidez atzeman direnak. Horietatik ia bi heren, hemeretzi, Gipuzkoan detektatu dituzte. Gehienak Ordiziako agerraldikoak dira, kopuru zehatzaren berri eman ez duten arren. Azken informazioen arabera, 28 positibo baieztatu dituzte Goierriko herri horretan, eta agerraldiarekin zerikusia duten 48 daudela guztira. Astelehenean hasi ziren PCR testak masiboki egiten. Koronabirusak 21.360 pertsona kutsatu ditu orain arte EAEn. Horietatik 13.851 negatibizatuak izan dira honezkero, eta ospitaleko alta jaso dute beste 4.357k. Bi pertsona gehiago zendu dira; guztira, 1.621. ZIU unitateetan sei paziente daude ingresatuta, eta R0 edo birusaren birsortze-tasa 1,61koa da une hauetan. Horrek esan nahi du COVID-19a daukan pertsona batek beste 1,61 kutsa ditzakeela batez beste.

Beterri-Buruntzan aldaketarik ez

Beterri-Buruntza eskualdeko herrietan ez dute kasu berririk atzeman azken 24 orduetan. Hauek dira datuak herriz herri:

  • Hernanin, 67 kasu
  • Lasarte-Orian, 53
  • Andoainen, 48
  • Astigarragan, 23
  • Urnietan, 22
  • Usurbilen, hamasei

Guztiak batuta, 229 positibo detektatu dituzte eskualdean orain arte.