U-12 HAUTESKUNDEAK

PSE-EEk ekitaldia egin du Isla Plazan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 8a, 13:57
Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusi eta lehendakarigaia, gaur goizean.

Uztailaren 12an egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpainaren azken astean murgildu dira alderdi politikoak. EAJ eta EH Bilduren mitinen ostean, PSE-EEk bat egin du gaur eguerdian, Zumaburuko Isla plazan. Idoia Mendia idazkari nagusi eta lehendakarigaia eta Gipuzkoako zerrendaburu Eneko Andueza solastu dira jarraitzaileekin, herriko alkate Agustin Valdivia eta Udal Gobernuko gainerako zinegotziak bertan zirela.

"Euskal sozialistok ezin dugu etxean geratu uztailaren 12an, bozkatzera joan behar dugu", nabarmendu du Mendiak gaur eguerdiko agerraldian. "Nazionalistek irabazi eta eurei bakarrik interesatzen zaizkien politikak egitea saihestu behar dugu; ezkerra bozkatu nahi dutenentzat, alderdi sozialista da aukera". Mikrofonoen aurrean jarri denean, atzo Eibarren eraso matxista bat pairatu zuen pertsonari "elkartasuna" adierazi dio, eta herriko alkate Agustin Valdivia egiten ari den lana goraipatu. 

Gipuzkoako zerrendaburu Eneko Anduezaren aburuz, Mendia izan zen atzo gaueko hautagaien eztabaidako –ETB2 katean eman zuten– "garaile argia". "Konponbideak jarri zituen mahai gainean, beste batzuek zarata besterik egin ez zuten bitartean". Uste du alderdi sozialistak "emaitza oso onak" lortuko dituela igande honetan. Isla Plazako ekitaldia amaitu eta gero, Andatza plazara joan dira alderdi sozialistako ordezkariak, azoka bisitatzera.