U-12 HAUTESKUNDEAK

EH Bilduk ekitaldia egin du Okendo plazan, Oihana Etxebarrieta eta Juan Karlos Izagirrerekin

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 8a, 10:52
Oihana Etxebarrieta legebiltzarkide izateko aurkeztuko da Gipuzkoako zerrendetan.

Uztailaren 12ko hauteskunde kanpainaren azken astean murgildu dira alderdi politikoak. Dozenaka herritar gerturatu dira astearte arratsaldean Gipuzkoako EH Bilduk antolatutako ekitaldira. Koalizio abertzalearen herriko zinegotziek harrera egin ostean, Oihana Etxebarrieta eta Juan Karlos Izagirre mintzatu dira Okendo plazan. Uztailaren 12an "bozka bakar batek ere" etxean geratu ezin duela esanda, EH Bilduren aldeko hautua egitera deitu dituzte lasarte-oriatarrak. Gipuzkoako lehen indarra izateko itxaropentsu daude.

Kristina Bernalek aurkeztu ditu gonbidatuak. Gipuzkoako EH Bilduren bozeramaile Juan Karlos Izagirrek hartu du hitza lehenengo, eta nabarmendu du "beharrezkoa" dela sistema aldatzea. "Justizia sozialarekin eta askatasunarekin bakarrik da posible hori, eta EH Bildu da berme bakarra". 

Oihana Etxebarrieta legebiltzarkide lanetan aritu da legealdi honetan, eta EH Bilduren Gipuzkoako zerrendetan aurkeztuko da berriro, zazpigarren postuan. Atzoko hitzaldian, azpimarratu zuen gobernuak konprometituta egon behar duela herritarren beharrekin, eta gaur egungo agintariek hori ez dutela egiten. "Ez dira ez abertzaleak ez sozialistak, EAJren interesei besterik ez diete erantzuten". 

Izagirre eta Etxebarrietaren hitzaldien artean, gazte talde batek euskal dantza emanaldi bat eskaini du, ikus-entzuleen txalo artean.