Denboraldiko lehen banderan huts egin arren, Donostia Arraun Lagunakek "asko du erakusteko"

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 8a, 09:45
Aiora Belartieta, bigarrena eskuinetik hasita, iazko denboraldiko jardunaldi batean lehian. Arg.: Aitor Arrizabalaga.

A Coruñan, Galizia, eman zaio hasiera Euskotren Ligari. Donostiarrak, Hondarribia Bertako igogailuak eta Donostia Arraun Lagunak taldeko kideek Oriori koroa kendu nahi diote. Baina ez dute lan erraza izango, oriotarrak 'III. Bandeira Cidade da Coruña'ko bi jardunaldietan  nagusi izan ziren eta etxera eraman baitzuten bandera. Aiora Belartieta herritarra kide duen Donostia Arraun Lagunak azken izan zen bi jardunaldietan. "Egun txarrak izan genituen"

Aiora Belartieta Galardi (Lasarte-Oria, 2002) herritarrak Donostia Arraun Lagunak taldean egingo du bere bigarren denboraldia. Asteburuan ezin izan zen A Coruñan egon bere traineruan, astelehenean hasi eta gaur arte Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa (USE) baitzuen, baina telebistaren bitartez jarraitu zuen lehia. Donostia Arraun Lagunak trainerua azkena izan zen jokatu ziren bi jardunaldietan. 

Donostiako taldeak ez zuen horrelako hasiera espero.  "Aurreko asteburuan egun txarrak izan ditugu, astean zehar egindako entrenamenduekin konparatuz," adierazi du Belartietak.

Denboraldi-aurrea falta

Larrialdi-egoeran, etxean bakarka entrenatzen egon ostean, ekainaren 8an hasi ziren lanean uretan Donostia Arraun Lagunak taldeko kideak. Aurten ez dute denboraldiaurrerik izan eta A Coruñakoa urteko lehen proba zuten.

"Denboraldi-aurrerik ez egotea kaltegarria izan da baina neguan egindako lan onaren ondorioz azkar harrapatu dugu erritmoa,"  azpimarratu du Belartietak.

Izan ere, hiru hilabetez etxean entrenatu baitira. Gogor egin zaio lasarteoriatarrari. "Konfinamenduan sartu baino bi egun lehenago, taldekide bakoitzak ergometroa bat eman zuen etxera. Bakarrik entrenatzea oso gogorra izan da bai fisikoki bai psikologikoki ere".

Denboraldi parekatua

A Coruñatik Zarautzera,  Euskotren Ligak aurten hamabi jardunaldi izango ditu. Hilabetez, astebururo, lau traineru izango dira ligako garaikurra eskuratzeko lehian: Donostia Arraun Lagunak, Donostiarra, Orio eta Hondarribia Bertako igogailuak. 

Ez da hori jokoan izango den gauza bakarra, Ligako azken sailkatuak maila jaitsiera jokatu beharko baitu. Irailean, Bermeo eta Portugaleten jokatuko dira jardunaldiak eta ETE Ligako bi eskifaia hoberenen aurka egin beharko du puntu gutxien eskuratzen duen traineruak.

Oriok eraman zuen iaz saria eta aurten bere hautagaitza erakutsi du A Coruñako bandera irabaziz. Hala ere, Belartietaren ustetan, eskifaien arteko maila parekatua da. "Ligako lehenengo asteburuan Oriok irabazi du bandera baino orokorrean traineruen maila nahiko parekatua dagoela dirudi".

Hori dela eta, denboraldian zehar, lehia handiak ikusteko aukera egongo dela aurreratu du eta Oriok ez ezik, beste eskifaiek ere banderak lortu ahalko dituztela nabarmendu du. "Estropada on bat eginez gero, denok izango dugu bandera irabazteko aukera".

Donostia Arraun Lagunak taldea txapeldunorde izan zen Euskotren Ligan eta aurten ere aurrean egotea espero du. "Gure helburua zenbat eta bandera gehien lortzea da eta liga txukun bat egitea," adierazi du herriko arraunlari gazteak. Eta denboraldi honetan erakusteko asko dutela nabarmendu du.

Belartietaren traineruak asteburu honetan izango du aukera ederra denboraldiko lehen bandera eskuratzeko. Larunbatean, Donostiako uretan lehiatuko da V. Caixabank bandera. Donostia Arraun Lagunak traineruak ongi ezagutzen duen eremua da eta bere hautagaitza erakutsi dezake bertan. Igandean, berriz, Zierbanan izango dira IV. Petronor bandera lehiatzen.