COVID-19 BIRUSA

Koronabirusa: uztailaren 6ko datuak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 7a, 12:50

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak uztailaren 6ko datu eguneratuak eskaini ditu. Horien arabera, EAEn bederatzi kasu positibo berri atzeman dituzte azken 24 orduetan PCR proba bidez. Gehiago ateratzen ari dira argitara ordea, Ordizian atzemandako agerraldia dela eta. 707 testen emaitzak jaso ditu Osasun Sailak, eta 30 pertsona kutsatu dira Goierriko herri horretan. Lasarte-Orian, ekainaren 29ra arte 53 pertsonari eragin die koronabirusak.

COVID-19 birusak agerraldia izan du Ordizian. PCR proba ugari egiten ari dira egunotan: 707ren emaitzak jaso ditu Osasun Sailak, eta, Nekane Murga sailburuak gaur eman duen prentsaurrekoan adierazi duenez, 30 kasu positibo detektatu dituzte. Gipuzkoan dago uneotan foku indartsuena, baina EAEko gainontzeko lurraldeetan ere baieztatu dituzte koronabirus kasu gehiago. Araban hiru eta Bizkaian bi, hurrenez hurren. Ordiziako azken kutsatzeak aintzat hartu gabe, EAEn 21.227 pertsona kutsatu ditu COVID-19ak. Horietatik 13.933 negatibizatuak izan dira eta ospitaleko alta jaso dute beste 4.344k. 1.619 pertsona hil dira guztira –bakar bat gehiago ere ez azken 24 orduetan– eta sei daude ZIU unitateetan ingresatuta.

Herriz herriko datuak

Ekainaren 29ra arteko datu ofizialak eskuetan, Lasarte-Oriako 53 bizilaguni eragin die koronabirusak. Azken asteetan ez da kasu berririk atzeman gurean, Osasun Sailaren arabera. Beterri-Buruntza eskualdeko herrietako datuak hauek dira:

  • Hernanin, 67 kasu
  • Lasarte-Orian, 53
  • Andoainen, 48
  • Astigarragan, 23
  • Urnietan, 22
  • Usurbilen, 16

Eskualdean 229 kasu positibo atzeman dituzte orain arte.