U-12 HAUTESKUNDEAK

Lurraldeko mitina egin du EAJk Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 7a, 10:53

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak izango dira igande honetan, uztailaren 12an, eta hauteskunde kanpaina bete betan dira alderdi politikoak. Elizatze plazan bildu dira EAJko Eusko Legebiltzarrerako Gipuzkoako zenbait hautagai, alderdikide eta militante, lurraldeko mitina egiteko

Elizatze plazan egin du EAJk lurraldeko mitina, astelehen iluntzean. Eusko Legebiltzarrerako Gipuzkoako hautagai Joseba Egibar, Eva Juez, Saioa Brandes eta Markel Aranburu aritu dira mikrofono aurrean. Joseba Egibar izan da hitza hartzen lehena, eta azaldu du beharrezkoa dela elkarlanerako eta eraikuntza politiko eta sozialerako ereduak bultzatzea, Euskadik gaur egungo egoera gainditzeko eta etorkizunerako estrategia fidagarriak bideratzeko.

Eva Juezek hitz egin du gero, eta honek, haurren eta gazteen eskubideen alde egin du, hezkuntzari erreferentzia eginaz. Markel Aranburu EGIko (Euzko Gaztedi) idazkari eta kideak hartu du hitza, eta EAJren zutabe batean egin du azpimarra: "Giza eskubideak beti oinarri, pertsona guztiak errespetatu eta jarduera politikoa pertsonen ongizatera bideratuta. Inor atzean utzi gabe". 

Ekitaldia amaitzeko, Saioa Brandesek hartu du hitza, eta EAJk hartzen duen konpromisoaren berri eman die ekitaldira bertaratutakoei: "Konpromisoa hartzen dugu, Euskadi modu tinkoan zutik jartzea, guztion artean, inor atzean utzi gabe, pertsona ardatz".