Hiru positibo berri, Gipuzkoan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 5a, 12:39

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak jakinarazi duenez, atzo, hamahiru kutsatu berri erregistratu ziztuzten Euskal Autonomia Erkidegoan. Horietako, hiru, lurraldean; zehazki, Arrasaten, Bergaran eta Irunen. 

Eguerdiro bezala, Osakidetzak publiko egin ditu atzo bildutako COVID-19ari lotutako datuak. Larunbatean, 2.583 proba egin zituzten, 2.357 PCR eta 226 test azkar.

PCR bidez, koronabirusak kutsatutako hamahiru kasu berri atzeman zituzten; zazpi, Bizkaian eta hiruna Araban nahiz Gipuzkoan. Lurraldekoak, Arrasaten, Bergaran eta Irunen. Guztira, 13.796 lagunek izan dira positibo EAEn pandemia piztu zenetik; lurraldeka honela banatuta: 2.332, Gipuzkoan; 7.932, Bizkaian; eta 3.364, Araban. Test azkar edo serologikoen bidez, aldiz, 7.420 baieztapen egin dituzte, atzoko zazpiak batuta. Proba honek hartutako immunitatea edo pertsona batek sortutako antigorputzak neurtzen ditu, beraz, iraganeko infekzio bat adieraz dezake. 

Eragindakoen egoerari dagokionean, azken 24 orduetan ez da hildako berririk izan eta negatibizatutako 27 pertsona erregistratu dituzte, alegia, gaixotasuna hartu ondoren PCR negatiboa duten lagunak. Halaber, sei lagunek jaso zuten ospitaleko alta. Koronabirusa duten edo izan duten beste horrenbeste pertsonak jarraitzen duten ZIUn.