COVID-19ak kutsatutako beste hamabost pertsona daude erkidegoan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 4a, 12:50

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ezagutarazi duenez, kutsatu horietako sei Gipuzkoan atzeman dituzte, Orion, Ordizian eta Donostian, hain zuzen ere. Bestalde, azken 24 orduetan, PCR positibodun pertsona bat hil da.

Osakidetzak eguerdiro bezala eguneratu egin ditu koronabirusari buruzko datuak. Gaurko txostenean jaso duenez, jada, 21.196 dira COVID-19ak eragindakoen kopurua. 

Atzo 3.079 proba egin zituzten, 2.522 PCR eta 557 test azkar. PCR bidez hamabost positibo berri atzeman dituzte, lau, Araban; bost, Bizkaian; eta sei Gipuzkoan, zehazki, lau Orion eta bana Ordizia nahiz Donostian. Test serologikoen bidez, aldiz, 68 baieztapen egin zituzten. Proba horrek hartutako immunitatea edo pertsona batek sortutako antigorputzak neurtzen ditu, beraz, iraganeko infekzio bat adieraz dezake.

Kutsatuen egoerari dagokionean, atzo, azken 60 egunetan PCR positiboa izan duen pertsona bat hil zen. Hori batuta, 1.619 lagun hil dira pandemiaren hasieratik. Halaber, ostiralean, osatutako 30 pertsona erregistratu zituzten eta hiru lagunek jaso zuten ospitaleko alta. Horrez gain, COVID diren edo izan diren sei pertsona daude ZIUn.