Natura eta garapena, aurrez aurre

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 3a, 21:23

Kale Antzerkia Bultzatuz zikloko lehen emanaldia egin dute gaur arratsaldean; Hutsun+Ortzi taldeak txalaparta eta zirkua ekarri ditu Okendo plazara, Urbasa ikuskizunarekin.

Hesiekin osatutako itxitura eta haren barnean 200 eserleku. Aulki artean, metro eta erdiko tartea. Segurtasun baldintzak betetzen zirela ziurtatzeko lau kide ibili dira sartzen zirenei non eseri azaltzen. Musukoa jartzea ezinbesteko baldintza izan da eseri arte; aulkira heltzean, berriz, batzuek kentzea eta beste batzuek mantentzea erabaki dute. Neurriok medio, ordua baino minutu batzuk geroxeago hasi da ikuskizuna. Zenbait aulki hutsik gelditu dira, baina hainbatek hesiaren beste aldetik begira jarraitzea nahiago izan dute, nahiz eta ohartarazi dieten ezin zutela bertan gelditu eta emanaldia doakoa izan.

Zirkulu erdia osatuta jarritako ikusleen aurrean, Urbasako zuhaitzak irudikatzen dituzten zenbait ohol eta hiruki itxurako egitura bat zeuden. Txorien txioak eta naturako soinuak entzutearekin batera, burua estalita zuten bi gizon agertu dira. Enbor batetik bestera, haien atzean ezkutatuta, mugitzen joan dira Hutsun txalaparta taldeko kide Anai Gambra eta Mikel Urrutia. Gero, ikusleen aurrera atera, kaputxa kendu, eta txalaparta jo dute. Bat-batean, ordea, burdinazko pieza bati bultza eginez ohol guztiak lurrera bota dituen beste gizon bat agertu da. Bizkarrean zeraman kutxa lurrean utzi eta piztu egin du, elektrizitate zarata eginez. Ondoren, burdinazko pieza zintzilikatu, eta hura baliatuta, akrobaziak egiten hasi da. Ortzi Acostak aho zabalik utzi du begira zituenetako bat baino gehiago eta txaloak ere jaso ditu erakutsitako abileziagatik.

Hala, naturan lasai bizi diren gizakien eta teknologiaren bidez inguru baketsu hori aldatzera etorritako ezezagunaren arteko gatazka irudikatu du hirukoteak. Hitzik gabeko ikuskizuna izanda, horretarako, txalaparta nahiz perkusioa erabili dute lehenek, eta zirkua, besteak. Edonola, 50 bat minutu iraun dituen antzezlanak aurrera egin ahala, pertsonaien jarrerak hurbiltzen joan dira.

 

Erlazionatuak

Hutsun + Ortzi taldearen "Urbasa" ikuskizuna

Txintxarri Aldizkaria 2020 uzt 03 Kultura