Hiru kutsatu berri daude Gipuzkoan; hamar, erkidegoan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 3a, 13:00

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak jakinarazi duenez, azken 24 orduetan ez da koronabirusak kutsatutako inor hil. 

COVID-19ak kutsatu berrien kopuruak nabarmen behera egin du azken asteetan, baina, hala ere, egunero kasuak gehitzen doaz. Ostegunean, hamar erregistratu zituzten Euskal Autonomia Erkidegoan, 2.957 PCR proba bidez. Lurraldeka: lau, Bizkaian; eta hiruna, Araba nahiz Gipuzkoan. Osakidetzak eguerdian argitaratu duen txostenaren arabera, lurraldeko hiru kutsatu horiek Orion, bi, eta Lizartzan atzeman dituzte.

Atzo egindako 523 test azkarren bidez, berriz, 53 baieztapen egin zituzten. Proba serologikoek hartutako immunitatea edo pertsona batek sortutako antigorputzak neurtzen ditu eta iraganeko infekzio bat adieraz dezakete.

Pandemiaren hasieratik, 21.115 lagunek pairatu dute koronabirusa. Gehienak, 13.868 (% 65,7) negatibizatu dira; alegia, positiboa izan ondoren PCR negatiboa izan dute. Atzo 24 gehitu zituzten. Halaber, 4.333 pertsonak ospitaleko alta jaso dute, lauk azken 24 orduetan; eta ez zen kutsatutako hildako berririk izan. EAEko ospitaletako Zaintza Intentsiboko Unitateetan sei lagun daude oraindik.