Oriarte BHI ikastetxeko irakasle talde batek eskutitz bat bidali dio Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 3a, 10:00

Oriarte BHI ikastetxeko irakasle talde batek erabaki du gutun bat bidaltzea Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari. Koronabirusa gure artera iritsi zenetik gertatutakoa errepasatu du, eta "ardura eta atsekabea" adierazi, administraziotik eta hezkuntza arduradunaren partetik jasotako tratuagatik. "Desados gaude ezarri zaigun lan karga eta ardurekin, tarteka berez dagozkigunak baino harago joan baitira".

Oriarteko irakasle horiek diote COVID-19aren pandemiaren eraginez larritu egin dela egoera, baina salatzen dutena ez dela berria: "Exijentzia gero eta handiagoak eta ikusten ez diren betebeharren hazkundea". Euren iritziz, "lehen unetik agerian geratu zen administrazioaren begirune falta irakasleekiko, martxoaren 13an ikasleak geletara etorri ez baina gu agertzera behartuak izan ginenetik".

"Ez dute gure iritzia entzun" 

"Egoera berezi honetan, eskola nola kudeatu erabakitzeko orduan ez da hezkuntza komunitatearen iritzia aintzat hartu, eta irakasleona ere ez", adierazi du Oriarte BHIko irakasle talde horrek. "Eskuak lotuta izan ditugu, eta ez dugu erantzuteko aukerarik izan Hezkuntza Sailaren aginduen aurrean". 
Lan karga biderkatu dietela salatu dute: online irakatsi beharreko materiala egokitu beharra egun batetik bestera, klaseak bideo-deien bidez eskaintzea, horretarako prestatuta ez zegoen sistema baten ondorioz kudeaketa zailtasunak, e.a. "Baliabide pertsonalak erabiliz aparteko lan ordu luzeak izan dira, eta horrek kalte handia eragin du familia kontziliazioan. Dena, gure ikasleak atzera gera ez zitezen, eta etxeratzearen ondorioz ikasleen artean sortutako zuloa gehiago handitu ez zedin". 

Datorren ikasturtera begira "arduratuta" daudela esan du gutuna sinatzen duen irakasle taldeak. "Aukera dugu beharrezko segurtasun neurriak hartzeko, denbora dugu beharrezko giza eta baliabide materialekin horni gaitzaten, gure lana duintasunez egiteko aukera izan dezagun: formazio teknologikoa, ikasle-ratio arrazoizkoak, baliabideak, irakasle kopuru egokia...". Hori guztia esanda, "babes instituzional tinkoa" espero du taldeak.