'Eskuratu 1.000 euro!' kanpaina aurkeztu du Aterpeak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 2a, 13:59

Sei erosketa bonu zozkatuko ditu Aterpeak aurtengo edizioan. 

Aterpea merkatarien elkarteak abiatu du aurtengo Eskuratu 1.000 euro! kanpainaren edizio berria. Asteazken eguerdian aurkeztu dute, eta datozen egunetan indarrean egongo den egitasmoaren nondik norakoak azaldu dituzte. Orain arteko kanpainetan 1.000 euroko saria  zozkatu dute, baina oraingo honetan, ordea, 3.000 euro banatuko dituzte 1.000, 500 eta 250 euroko erosketa-bonuetan.

Zozketan parte hartzeko, bezeroek uztailaren 6tik 18ra kontsumitu beharko dute kanpainara atxiki diren establezimenduetan. Parte hartze data horiek pasata, zozketa uztailaren 22an egingo dutela  iragarri dute: Villa Mirentxun. 1.000 euroko sariaren irabazleak 10 euroko 100 bonu jasoko ditu, baina zenbait baldintza bete beharko ditu horiek gastatu ahal izateko; Aterpeako dendetan gastatu beharko ditu, uztailaren 29an, eta 17:00etatik 20:00etara. Jakinarazi dute baita ere, ezingo dituela 10 bonu baino gehiago erabili establezimendu berean.

Aurtengo berrikuntzak 
Aurtengo bonu-kopurua handitu egin dute, eta ondorioz, 1.000 euroko sariaz gain 500 euroko bi bonu eta 250 euroko lau ere banatuko dituzte. Horiek erabiltzeko baldintza bakarra ezarri dute; establezimendu bakar batean 100 euro baino gehiago ez gastatzea, ez ordea egun jakin batean eta hiru ordutan erabiltzea; iraungitze-data bat izango dute.

Gutxienez 10 euroko erosketa
Bonu bat erabiltzeko gutxieneko erosketa 10 eurokoa izango da, hortan, adibidez, bezero batek 28 euroko erosketa egiten badu, berak erabakiko du 3 bonu  (10 eurokoak) entregatzen dituen, edo 2 bonu entregatu eta 8 euro bere patrikatik jartzen dituen. Argitu dutenez, erosleari ez zaio inolaz ere dirurik itzuliko aldeagatik.

Aterpeak eskerrak eman dizkio Lasarte-Oriako Udalari komertzio txikia sustatzeko martxan jarritako egitasmo hau laguntzeagatik, eta, bide batez, dei egin diete lasarte-oriatarrei herriko dendetara gerturatu eta euren eskura jarri duten aukera aprobetxa dezaten.

Udalak ere egin du adierazpenik aurkezpen ekitaldian. Agustin Valdivia alkatea eta Nuria Fernandez Sozioekonomia batzordeburu izan dira bertan eta azken horrek ere esker hitzak izan ditu Aterpea merkatarien elkarteko kideentzat gisa horretako egitasmoak antolatzeagatik, eta herriko merkatarien aldeko babesa eta laguntza izango dutela ere adierazi die.