Intzako pilotariek txapelketen garai berria hasiko dute gaur

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 2a, 16:00
Jon Pello Artetxe, LAPKEren aurkako ezker hormako txapelketako partidan.

Pilota ez profesionala ere martxan da. Hernaniko Zikuñaga txapelketako bigarren edizioa eta Villabonako Santio txapelketak hasi dira eta Intzako pilotariak daude bietan lehian. Gaur, Jon Pello Artetxek EPLEko Odriozolarekin batera Villabonako txapelketako final-laurdena jokatuko du

Intzako kideek gaur emango diote hasiera normaltasun berriari. Hiru hilabete kantxan lehian egon ostean, Intzako Jon Pello Artetxek Villabonako Santio txapelketan lehiatuko da.

Villabonako txapelketa asteartean hasi zen. Aurten senior mailako zortzi bikotek bakarrik parte hartuko dute. Horietako bat Jon Pello Artetxe herritarrak eta EPLEKo Odriozolak osatutakoa da. Gaur jokatuko dute final-laurdenekoa Eskudero eta Urruzolaren aurka eta gaindituz gero, uztailaren 7an, asteartean jokatuko dute finalaurrekoa. Txapelduna uztailaren 11n erabakiko da.

Ez da hau Artetxek jokatuko duen txapelketa bakarra izango, Zikuñagako Txapelketaren bigarren edizioan ere parte hartuko baitu herritarrak. Honetan Intxurreko Irazustabarrena izango du kide.

Lehiaketa honetan, bada Intzako beste pilotaririk, Urdanpilleta. Honek kadeteko bigarren mailan jokatuko du Hernaniko Manterola kide duela.

Joxe Felix Solano Intzako arduradunak azaldu digunez,  "parte-hartze hauen helburua pilotariak pixkanaka lehiari ohitzea da".

Gainera, entrenamendu ofizialak irailean hasiko direnez, pilotariek bere kasara entrenamenduak egiten dituztela nabarmendu du. "Seniorrek eskuak egiteko saioak egin dituzte eta beste mailakoak ere aurki hasiko dira Loidi Barrengo pilotalekuan. Irailera arte, ez gara Michelin kirol guneko pilotalekuan hasiko".